saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Urkiolako parke naturaleko fauna eta flora

Informazioa

 

Artadia

 

Artea haitzeta baten gainean ahuntz baten ondoan. (Zabaldu leiho berri baten)

Landaretza

Parkeko iparraldea osatzen duten harritzarretan (Eskuagatx, Mugarra, Artaun-Egirotz, Iñungana-Leungana), landareen berde ilunak contrasta con el blanco de las calizas arrecifales. Son los encinares que con sus 377 Ha. ocupan un 6 % de la superficie del Parque Natural de Urkiola, siendo la segunda formación forestal autóctona en extensión.

Baso hostogalkorraren zuhaitza (Zabaldu leiho berri baten)

Bizkaia oso lurralde euritsua izanik, sasoi batean bisitan etorri zitzaizkigun bidaiarientzat eta naturzaleentzat oso harrigarria izan zen halako Mediterranio-izaera erabatekoa duten baso hauek berton izatea. Izan ere, baso horiek aparteko irla dira baso hostozabalen eremuan. Kantauri aldeko berezko baso bakarrak dira; zuhaitz horietako orriek ez diote urtaroen banaketari jarraitzen.

Artadia Ezkubaratzeko ekialdeko mendi-mazela luzetik ikusita. (Zabaldu leiho berri baten)

Eskuagatxeko ekialdeko aldats luzean gora, artadiak eutsi egiten die denboran zehar gertatutako klima-aldaketei

Azken glaziaziotik hona gertatu diren klima-gorabeherak izan dira "arritmia" honen jatorria. Kuaternarioan zehar, klima-aldi ezberdinak izan dira: klima ugari gertatu dira bata bestearen atzetik. Klima horietako bat, xerotermikoa izena hartu zuena, lehortxoagoa eta berotsuagoa izan zen oraingoa baino. Sasoi horretan, Mediterranio-izaerako landaretza Ebro ibarrean gora etorri zen eta, ondoren, Kantaurialdetik zabaldu zen. Klimaren ezaugarriak aldatuta (hotzagoak eta hezeagoak), gaur egun bezala, espezie horiek lekune lehorrago eta beroagoak bilatu behar izan zituzten biziraun ahal ízateko

Artea (Quercus ilex), beste espezie batzuekin batera, haitz gehien zeuden lekuetara aldatu zen, batez ere, karearrietara. Kararriak iragazkorrak direnez eta bertako lurra oso gitxi garatuta dagoenez, arteek honelako lurretan aurkitzen dituzte hona heldu ziren sasoian zeuden antzeko egoerak. Kokagune horri esker, honenbestez, bizirik iraun ahal izan du zibilizazioak sortarazitako aldaketetan. Artadia horrelako lur argaletan bizi izanik, gizakiak ia-ia muzin egin dio eremu hori menperatzeari, izan ere, bat ere joria ez den lurra nekez bihur baitaiteke hazleku. Pinuek eta eukaliptuek izan duten hedapenak ez ditu arteak ukitu, behintzat, haritzak beste. Horrek ez du esan nahi baliabide hori txarto aprobetxatu zenik, izan ere, azienda zarpailerako (ahuntz-azienda) balio handikoa izateaz gain, etxerako egurra eta egur-ikatza egiteko erabili izan da-eta arte-zura. Horretarako, landare belarkarak balira bezala hartzen zituzten basoak: artadiak behebehetik mozten zituzten, sega pasatuko balitz bezala. Hori egin ondoren, zuhaiskak oinarri-oinarritik pizten ziren eta, urte batzuen buruan, ekintza bera errepikatzen zen. Gaur egun, egurra baino gehiago erregai fosilak erabiltzen direlaeta, arte-zuraren erabilera hori desagertu egin da. Baina oraindik ere badago horren lorratzik; esan nahi dugu, hain zuzen ere, baso hauetako zuhaitzak behe-behetik dituztela adarrak gaur egun ere, eta gehienez 4 m-ko garaiera lortzen dutela.

Artadiak osatzen dituzten zuhaitzei eta zuhaiskei begiratuz gero, antzekotasun handiak ikus ditzakegu. Orriek, iraunkorrak izateaz batera, antza handia dute beren artean itxurari dagokionez. Horrelakoak dira gurbitza (Arbustus unedo), ereinotza (Laurus nobilis), txorbeltza (Rhamnus alaternus) edo gartxu hostozabala (Phyllirea latifolia). Arteak ez beste guztiek orri distiratsu eta ilegabeak dituzte; arteak, berriz, ile ugari eta trinkoak ditu orrietan. Zenbait hegazti-espeziek batzuen zein besteen fruitu mamitsuak jan eta barreiatzen dituzte.

Horrelako ezaugarri asko errepikatzen dira basoetako hustarteak ixten dituzten lianetan. Espezie bakoitzak gorantz egiteko moduren bat edo beste bilatzen du. Esate baterako, apomahatsak (Tamus communis) edo endalaharrak (Smilax aspera) kiribilka egiten dute; otxar basatiak (Rubia peregrina) zurtoina tolestatu eta bertatik sortzen zaizkion kakoen bidez; azkenik, huntzak (Hedera helix) sustrai arrotzen bidez, baina gehienetan, lurreko harrien bitartez hedatu egiten da. Moldaketa berezirik ez duten landareek, ostera, beste bide batzuk izaten dituzte eginkizun horietarako; horien lekuko, larrosa (Rosa sempervirens), sasiak (Rubus sp.), baso batera sartzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Hau da, landare horien arantzak modu eta leku egokian ipintzen dira beren ondoan igarotzen den edozeini eta edozeri heltzeko. Horietaz aparte, badira zenbait zuhaiska hostoerorkor ere, besteak beste, iparraldeko elorri zuria (Crataegus monogyna) edo zuhandor gorria (Cornus sanguinea).

Nahaspila horretan, zenbait landare basoko behegainean hazten dira: iturri-belar beltza (Asplenium adiantum-nigrum); suge-belar nerbiozuria (Arum italicum), lore-elkarte ederrak eta fruitu gorriak dituena; gibel-belarra (Hepatica nobilis); bioleta (Viola gr. sylvestris).

Erratza (Ruscus aculeatus) askotan azaltzen da baso hauetan. Oso interesgarria da landare horretako zurtoinen moldaketa, izan ere, orri bihurtzen direlarik, jatorrizko orriak, berriz, bihurtutakoen azpialdeko ezkatak baino ez dira. Bere loreak filoklado edo lore aizunen behealdean kokatzen dira, oso bioleta kolore ederra izaten dute eta oso txikiak dira; horregatik, guztiz harrigarria da bere fruituek hartzen duten kolore gorria eta neurria, gerezi bat baino handiagoa. Orri eta fruituen arteko kontrastea ikusgarria da eta horregatik erabiltzen da hainbeste Gabonetako apaingarri modura, lehenago gorostiarekin egiten zen bezala. Horrela, neurriz kanpoko erabilera hori arriskutsu bilakatzen hasi da erratzarako.

Garaizka beltza. (Zabaldu leiho berri baten)

Iturri-belar beltzak (Asplenium adiantum-nigrum azpiesp. onopteris), artadiko landare gehienek bezalaxe, hosto iraunkorrak ditu eta ez ditu gustoko izaten alde freskoenak.

Fruituak dituen gurbitzaren adarra. (Zabaldu leiho berri baten)

Landare-espezie gitxik egiten dituzte loreak urtean bitan. Gurbitza (Arbutus unedo) horietako bat da..

Gurbiztiek aparteko aipamena behar dute. Artea moztu edo erre den lekuetan sortzen da eta eragindako soilguneak itxi egiten ditu. Loreen osakerak antza handia dauka artearekin, baina horrek ez bezala, gurbitza da gurbizt¡ko espezie nagusiena eta oihan-landare gitxiago azaltzen dira bertan. Antzinean, gurbiztiak oso preziatuak ziren burdinoletako erregaia lortzeko. Gaur egun parkean duten hedapena oso bakana da; arteak dauden eremu berberetan ditugu.

Urkiolako artadi ekosistema: Artea; Suge belarra; Erratza; Gurbitza; Amilotx urdina; Pagausoa;, Okil berdea; Sasi txinboa; Azkonarra eta Saitsua. (Zabaldu leiho berri baten)

Fauna

Urkiolako Parke Naturaleko baso xerikoan kokatzen diren ornodunen komunitatea bi baldintzapetan bizi da. Parkeak, batetik, Europako ingurune epeletako klima-ezaugarriak biltzen ditu eta horrek mugatu egiten du Mediterranio-izaerako espezieak bertan kokatzea. Bestetik, Urkiolako artadiek erakusten duten garapen maila dugu. Ingurugiroko faktoreengatik (bat ere joria ez den substratuan dago basoa) eta giza faktoreengatik (horrelako zuhaitzak mendez mende etxerako erabili izan dira) baso hauek ez dira oso egokiak beren barruan erdi neurriko animaliak, bereziki eguneko harrapariak, bizi ahal izateko.

Urkiolako basoetan hedatuen dagoen okila, okil berdea da (Picus viridis). Bertan bizi den okil handia (Dendrocopos major) ez bezala, parkeko ia leku guztietan azaltzen da, baita harkaitzetan gora nekez igoten diren pagoetan ere. Espezie hau ez da bat ere ss eta, horregatik, Urkiolako edozein biotopotan antzeman daiteke; hala ere, Kantauri-izaerako artadian zailago da ikusten, baso-mota hori itxia delako. Dena dela, arteetatik sarri entzuten zaizkio kantuak edo irrintziak. Ez da hegazti txikia (30 cm ingurukoa) eta oso luma ikusgarriak ditu. Bizkarraldea oliba-berdea du eta ipurtxuntxurra horia. Arraun-luma eta lema-luma (buztanekoak biak) ilunak dira, puntu zuriekin; paparraldekoak, berriz, gris berdeskak. Bai arrek bai emeek gorria dute kaskoa; begiak horiak dituzte, oso deigarriak. Usteldutako zuran dauden intsektu xilofagoen harrak jaten badituzte ere (okil guztiek bezala), gehien jaten dutena inurriak dira eta, horretarako, mihi lingirdatsua dute. Inurriak harrapatzeko sarri jaisten da lurrera eta, noredonor edo zeredozer hurbiltzen zaionean ikaratu eta hegan egiten du ihes orduan da hegazti hau ikusteko aukerarik onena.

Adar batean bermatutako txio arrunta (Zabaldu leiho berri baten)

Urkiolako Parkea atzealdean kareharrizko gailur-lerroa duela. (Zabaldu leiho berri baten)

Urkiolako artadietan arrakasta duten landare belarkaretako lursailak habitat egokiak dira txio arruntarentzat (Phylloscopus collybita). Horri esker, bertan ipintzen ditu habiak.

Neguan zehar, Kantauri-izaerako artadiek klimarekiko babesa eskaintzen diete bertan bizi diren animaliei Gaur egun, zuhaitz-sailek antzeko eginkizuna dute.

Euskal Herrian, mendeetan zehar, pagausoa (Columba palumbus) ehizatzeko tradizio handia izan arren, espezie honek habi gitxi egiten ditu bertan; bestela badirudi ere, ehizak ez du halako eraginik izan pagausoan, espezie migratzaileetan askoz ere handiagoa izan du. Euskal Herri osoan bezalaxe, Urkiolako Parke Naturalean ere pagausoak oso habi gitxi egiten ditu, oso bikote gitxi geratzen dira bertan. Hemen geratzen direnek, berriz, oraindik diren arteetan egiten dute habia; parkeko hegoekialdean dauden baso hostozabal erorkorretan ez da horrelako usorik ikusten. Parkeko mugen barruan dauden artadietan (Dima aldea), ostera, errez. Gorputz handiko hegaztia da eta, nahiz eta, orohar grisa izan, tono urdinak ere baditu; paparraldea burdeos tonokoa da. Hegan egiten dutenean, oso nabariak dira hegoetako zerrenda zuri biak eta buztan-muturreko zerrenda beltza; samaldean, bestalde, gune zuriak ditu, baina ez hain nabariak. Uso guztiek bezalaxe, pagausoek hazi-mota guztiak jaten dituzte, bai landutako haziak (garia, garagarra eta abar) bai pagatxa nahiz ezkurrak ere; azken bi horiek migratzen dutenean gehienbat.

Parkeko baso hostozabaletako hegazti ikusgarrienetako bat eta, aldi berean, ugarienetako bat, amilotx urdina da (Parus caeruleus). Buruaren goialdea, hegoak eta buztana urdin argiak ditu; buruaren alboak zuriak; paparraldea eta sabelaldea horiak; bizkarraldea grisa du eta mokopekoa, beltza. Urkiolan pagadiak, landazabalak eta, jakina, artadiak izaten dituzte bizileku. Koniferoen basoetan ia-ia ez da agertzen. Udaberrian, amilotx urdinen dentsitate handiena arteetan izaten da; zuhaitz horiek zulo ugari eskaintzen dizkiete habiak egiteko. Artadiak ematen dizkien intsektuak jaten dituztenez, urte osoan zehar badute zerez elikaturik. Neguko hilabeteetan, Parus generoko beste txori batzuekin elkartzen dira eta, horrela, denak batera, basoak, landazabalak eta herrietako parkeak zeharkatzen dituzte. Sasoi horretan, intsektu gitxi dagoenez, haziak jan behar dituzte beren dieta osatzeko. Paseriformeen artean amilotx urdina izango da, seguru asko, parkean hariztirik ez izateagatik kalterik handiena jasandako espeziea.

Belarrez inguratutako motzondoa. (Zabaldu leiho berri baten)

Harri koskorrak edo, argazkian bezala, enbor-epaitondoa erabiltzen dituzte birigarroek marraskiloen maskorra apurtzeko eta, ondoren, barruko jangaia ateratzeko. Halako tresnei "ingudea" esaten zaie.

Baso baten barruan zuhaiskarik edo sasirik sortzen bada non edo non, hortxe izango da aukera handia txinboren batek habia bertan egiteko. Urkiolako artadietako ertzetan, zuhaiska asko daudela-eta, sasi-txinboa (Sylvia communis) ikus daiteke. Urkiolan ez da oso ugaria. Espezie horrek ez du luma deigarririk: halako gris, zuri eta marroiaren nahasketa da. Udaberrian eta udan artadietan sartzen da eta, berarekin batera, landazabaletan bizi den txorikideren bat.

Azkonarra (Meles meles) da parkean bizi den mustelidorik handiena. Basoarekin du zerikusi zuzena; landazabalak txikiegiak direnez, ez dirudi biotopo hau egokia denik animalia horien bizileku iraunkor izateko, bai berriz, basoak. Hala eta guztiz ere, inguru landuetarako joera dute, bertan janarigai asko da-eta. Urkiolan bizi diren gainerako mustelidoekin oso kanpo-itxura ezberdina dute. Gainerako horiek ez bezala, gorputz luze eta arina baitute, azkonarra animalia trinkoa da, pottoloa eta astuna; dena dela, erasoturik sentitzen denean, zelan edo hala lasterka egiten du. Adierazitako gorputz-ezaugarriak kontuan hartuta, errez ulertzen da bere bizimoduak lurrarekin lotura handia izatea, ezinezkoa zaio-eta zuhaitz-bizimodua. Egunargiz, lurpeko gordelekuetan sartzen dira; gordelekuok, belaunaldiz belaunaldi erabiltzen direnak, barne-bide ugari dituzte eta, horregatik, oso korapilatsua da bide horien banaketa. Iluntzean hasten dira jaten. Ugaztun honek gauez egiten dituen ibilaldietan mota guztietako janariez elikatzen da, zizareetatik hasi (horrelako asko jaten dituzte) eta animalia txikietaraino (igelak, saguak eta abar), baina baita fruituak eta soro landuetatik hurbil dauden gaiak ere, soroetara egiten dituzte-eta bisitaldiak. Burua zuria du, baina musturretik samaraino, begietatik eta belarrietatik igaroz, zerrenda beltz bi dituzte. Belarri zuriak dituzte. Bizkarraldeko ileak grisak dira; behealdeko (sama, sabelaldea eta hankak) ileak, berriz, ilunagoak edo beltzak.

Mikrougaztun gitxi daude biotopo honetan. Horietariko bat Millet satitsua da (Sorex coronatus): 10 cm baino gehiago doi-doi izaten ditu; buztanak 6 cm ditu. Gainerako satitsuek bezala, gorputzaren neurri osoarekiko nahikoa mustur luzea du. Belarriak, ostera, oso laburrak dira eta ia-ia ez dira ileen artetik ikusten. Ale helduek gaztain-kolore ilunekoa dute bizkarraldea eta apur bat argiagoak saihetsaldeak.

Eskinosoaren gorputzaren goiko atala. (Zabaldu leiho berri baten)

Eskinosoa (Garrulus glandarius) basoan baino bizi ez den txoria da, eta parkeko artadietan ere jaulkitzen ditu oihu indartsuak.

Animalia hauen metabolismoak hiperaktibo izatera behartzen ditu, hau da, hainbeste elikagai behar dituztenez, eguneko 24 ordutan ordu t´erdiero jan beharrean da. Denbora horretan bere gorputzaren pisuaren beste janariz elikatzen da. Lurrean dauden zizareak eta intsektuak izaten dira bere harrapakinak.

 
Bibliografia-aipamena:
Egilea:
Luis Viera (Geologia).
José Miguel Olano, Francisco Solván eta Josetxo Riofrío (Landareak eta fauna).
José Ramón Aihartza (Saguzarrak).
Elena Barrena eta Miren Ayerbe (Gizakiaren arrastoa).
Izenburua:
Urkiola.
Tokia:
Vitoria-Gasteiz.
Argitaratzailea:
Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusia
Argitalpen-urtea:
1995
Orrialdeak:
98-105 (biak barne).
 
 

e-mailez bidali