saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Kotizaziorik gabeko baliaezintasun- eta erretiro-pentsioak

Informazioa

Babestu daitekeen premia-egoeran dauden eta legez ezarritako baldintzetan bizirauteko baliabide nahikorik ez duten pertsonei prestazio ekonomiko hauek ematen zaizkie, baita inoiz kotizatu ez dutenei edo kotizaziopeko prestazioetara iristeko nahiko denboran kotizatu ez dutenei ere. Modalitate honen barruan honako pentsio hauek daude:

  1. Kotizaziorik gabeko baliaezintasun-pentsioa.
  2. Kotizaziorik gabeko erretiro-pentsioa.
  3. Alokairuagatiko osagarria, kotizaziorik gabeko pentsioa dutenentzat.

Kotizaziorik gabeko erretiro - edo baliaezintasun-pentsioak, prestazio ekonomikoaz gainera, doako medikuntza eta farmazia laguntza eta gizarte zerbitzu osagarriak ere bermatzen dizkie premia egoeran dauden pertsona guztiei, baita inoiz kotizatu ez dutenei edo kontribuziopeko pentsiorako eskubidea izateko behar adina kotizatu ez dutenei ere.

Kotizaziorik gabeko baliaezintasun-pentsioa.

Onuradunen betekizunak
  1. 18 urte baino gehiago edukitzea, baina 65 bete gabe.
  2. Espainiako lurraldean izatea legezko egoitza eta egoitzak gutxienez 5 urte edukitzea jada, eta haietako 2 gainera eskabidea egin aurrekoak izatea.
  3. Gutxienez %65eko desgaitasuna edukitzea.
  4. Nahikoa errenta edo sarrerarik ez edukitzea.
Besteren laguntzarako osagarria

Baliaezintasunaren zioz kotizazio gabeko pentsioa jasotzeko betekizunak betetzen dituzten eta %75eko edo gehiagoko desgaitasuna edo gaixotasun kronikoa duten pertsonek, Autonomia Pertsonala Sustatzeko eta Mendekotasuna duten Pertsonei Laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 27.2 artikuluan ezarritako baremoa aplikatzen zaienean ezarritako mendekotasun graduetako edozein aitortzeko moduko puntuazioa lortzen badute, kotizaziorik gabeko baliaezintasun-pentsio horren %50eko osagarrirako eskubidea izango dute, pentsio horretarako azaldu diren baldintza eta mugekin.

Kotizaziorik gabeko erretiro-pentsioa.

Onuradunen betekizunak
  1. 65 urte beteta edukitzea.
  2. Espainiako lurraldean edukitzea legezko egoitza eta 16 urte zituenetik gutxienez 10 urtean hala egon izana eta haietako bi, gainera, ondokoak eta eskabidea egin aurre-aurrekoak izatea.
  3. Ez errentarik ez diru-sarrera nahikorik ez edukitzea.

Errenta edo sarreren mugak, kotizaziorik gabeko erretiro- edo baliaezintasun-pentsioetarako

Etxebizitza alokatzeko osagarria, kotizaziorik gabeko pentsioa dutenentzat.

Kotizaziorik gabeko pentsioa dutenek alokairuagatiko osagarrirako eskubidea izango dute ondokoa modu sinesgarrian frogatzen dutenean:

  • jabetzako etxebizitzarik ez izatea
  • norberaren ohiko bizilekua den etxebizitzaren errentamendu kontratuaren titularra izatea.
  • etxebizitza horren jabearen hirugarren gradura arteko ahaidea ez izatea, ezta beraren ezkontidea edo berarekin bizi eta ezkontzaren antzeko maitasun harreman egonkorrak dituen laguna ere.

Familia unitate bateko hainbat kidek jasotzen badute kotizaziorik gabeko pentsioa, alokairu kontratuaren titularrak bakarrik jaso ahal izango du osagarria, edo, hainbat titular badira, lehenengoak bakarrik.

Pentsioaren osagarri hori urtero sorraraziko da eta ordainketa bakarrean ordainduko da.

2018. urterako zenbatekoa 525,00 euro da.

Etxebizitza alokatzeko osagarrirako aurkeztu beharreko agiriak
  1. Eskaera-inprimaki normalizatua
  2. Ordezkariaren NANaren fotokopia eta ordezkaritzaren frogagiria, kotizaziorik gabeko pentsioaren onuraduna ez den pertsona batek aurkezten badu eskaera.
  3. Errentamendu kontratuaren fotokopia. Bertan nahitaez jarri behar dira datu hauek: etxebizitzaren kokapena, errentatzailearen eta errentariaren identifikazioa eta kontratuaren iraupena. Kontratua idatziz formalizatu ez bada, zuzenbidean onartzen den edozein frogabide (ordainagiriak, fakturak…).

Eskaera eta eskaeren aurkezpena

Eskaerak inprimaki ofizialean aurkeztuko dira, Sail honek Bilboko Lersundi kaleko 14an dituen bulegoetan, edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluan ezarritako edozein lekutan baliatuz.

Aurkeztu beharreko agiriak
  1. Eskaera-inprimaki normalizatua
  2. Interesdunaren eta berarekin bizi diren 14 urtetik gorako senideen NANen fotokopiak. 14 urtetik beherakoen kasuan, familia liburuan egindako inskripzioaren fotokopia.
  3. Ordezkariaren NANaren fotokopia eta ordezkaritzaren frogagiria, balizko onuraduna ez den pertsona batek aurkezten badu eskabidea.
  4. Eskatzailea atzerritarra bada: pasaportearen fotokopia eta Espainiako Estatuko egoiliar txartel, baimen edo frogagiriaren (egungo egoitzari nahiz alegatzen diren aldiei dagokiena) fotokopia.
  5. Familiaren errolda-ziurtagiria.
  6. Hartzekodunaren eta banku-helbideratzearen fitxa, Gizarte Ekintza Sailaren eredu ofizialean egina.

Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen bizikidetza-egoera, egoera zibila, egoitza, bizikidetzaren zioz konputatu ahal diren baliabideen kopurua edo pentsioan eragina izan lezakeen beste zerbait aldatuz gero, gertatu eta 30 egun igaro baino lehen horren berri eman behar dute.

Urteko lehen hiruhilekoan aurreko urtean ekonomi batasunak izandako diru-sarreren aitorpena aurkeztu behar dute posta bitartez bidaltzen zaien inprimakiaren arabera. Martxoaren 14a baino lehen aurkezten ez badute, berriro bidaltzen zaie, eta 10 eguneko epean aurkezten ez badute, pentsioa ordaintzeari utziko zaiola eta pentsioa iraungi egingo dela ohartarazten zaie.

Bateraezintasunak

Pentsio hauek bateraezinak dira Gizarte Ongizateko Funtseko (GOF) pentsioekin, Ezgaitasina daukaten pertsonen eskubideen eta bere gizarteratzearen buruzko Legean (MIGILE) ezarritako gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko sorospenekin eta gainontzekoaren ziozko laguntzekin, baita seme edo alaba ezgaitasuna izatearen ziozko familia babeseko diru kopuruarekin eta edozein erakunde publikok (INSS, MUFACE, KLASE PASIBOAK…) emandako zenbateko bereko edo handiagoko beste pentsio guztiekin ere.

Kasu horretan kotizaziorik gabeko pentsioa eska dezakete, pentsioaren izapideen barruan aukera bat bidaliko zaie kotizaziorik gabeko pentsioaren eta jasotzen ari diren prestazioaren (GOF, MIGILE, FB) arteko hautua egin dezaten.

Halaber, langabeziagatiko sorospena jasotzen ari badira (ez Gizarteratzeko Errenta Aktiboa), drulaguntzaren zenbatekoa norberaren sarreratzat zenbatuko da.

Legezko arauketa

  • Arautegia, izapidetzea eta aurkeztu beharrako dokumentazioa
  • 1/1994 LEGEGINTZAKO ERREGE DEKRETUA, ekainaren 20koa, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Birmoldatua onartzen duena (BOE, 1994ko 154. zk., ekainaren 29koa).
  • 357/1991 ERREGE DEKRETUA, martxoaren 15ekoa, kotizazio gabeko pentsioen arloan 26/90 Legea garatu duena (BOE, 1991ko 69. zk., martxoaren 21ekoa).
  • 118/1998 ERREGE DEKRETUA, urtarrilaren 30ekoa, martxoaren 15eko 357/1991 Errege Dekretua aldatu duena Gizarte Segurantzaren sistemako kotizazio gabeko pentsioa jasotzeko eskubidea izateko bete beharreko betekizunak egiaztatzeari dagokionez (BOE, 1998ko 42. zk., otsailaren 18koa).
  • 1191/2012 ERREGE DEKRETUA, abuztuaren 3koa, Gizarte Segurantzaren kotizazio gabeko pentsiodunei etxebizitza bat alokatzeko pentsio-osagarria aitortzeko arauak ezarri dituena.
 
 

e-mailez bidali