saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Egoitza harrera

Informazioa

ZER DA

Egoitza harrera babesgabezia duten edo gizarte arrisku larrian dauden adingabeentzako baliabidea da, horien zaintza edo tutoretza Bizkaiko Foru Aldundiaren esku badago, eta beren beharretarako egokia den bizilekua ematen die aldi batez familiengandik bereizi diren adingabeei.

Adingabeak babesteko zentroak beste baliabide bat dira Gizarte Zerbitzu Espezializatuen eskura, eta familia inguruaren alternatiba gisa ematen da hala komeni bada haurraren edo nerabearen interesetarako.

Zentro hauek adingabekoen garapen integralaz arduratu behar dira, eta haien beharrizan biologiko, afektibo eta sozial guztiak ase behar dituzte ingurune seguru eta babestuan.

HARTZAILEAK

18 urtera arteko pertsonak, Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretzapekoak edo zaintzapekoak

IRIZPIDEAK

Erakunde publikoak adingabe bati egoitza harrera ematea erabakitzen badu, kontuan izanik familia bizitza esperientzia izan behar dutela gehienbat hasierako haurtzaroan, ahaleginak egingo ditu ahalik eta denbora laburrenean egoteko bizileku horretan, bere gorengo intereserako komeni denean izan ezik.

Egoitza zentroko harrerak berekin dakar, gehienetan, aldi bereko beste esku-hartze bat adingabearen gizarte eta familia inguruan, eta horretarako, jatorrizko familiarekin egingo da lan, beharrezko laguntasuna emateko, neurria hartzea eragin zuen egoera gaindi dezaten eta haurra bere famili ingurura itzul dadin. Hortaz, lehentasunezko helburua da gurasoei guraso rola modu egokian egitea ahalbidetzea, seme-alabak modu egokian zainduz, halako moldez non famili unitatea mantenduko baita.

PROZESUA

Adingabeak Baloratzeko Batzorde Teknikoak egoitzan sartzea erabakitakoan, zentroko zuzendariak izango du adingabearen zaintza. Orduantxe egingo da Esku-hartzeko Banakako Plana, babesgabeziaren ondorioz jasandako hutsuneak, gabeziak eta traumatismoak ebaluatzeko eta lantzeko arreta berezia jarrita.

EGOITZAN HARTZEKO PROGRAMAK

Zentro guztiek dute adingabeen arloko erakunde publiko eskudunaren baimena, eta adingabeak ikuskatu eta gainbegiratu egiten dira, adingabeen eskubideak babesten direla bermatzeko xedearekin.

Bizkaiko Foru Aldundiak oinarrizko programak eta espezializatuak garatzeko egoitzak ditu, oro har zentroen sarean sartzen diren haurren eta nerabeen askotarik behar ugariei erantzuna emateko. Hona hemen programak:

Programa orokorrak:
  • Premiazko harrera programa. Berehalako esku-hartzea behar duten haurrentzat eta nerabeentzat da, haien jatorria edozein delarik ere.
  • Oinarrizko programa orokorra. Egoitza harrerako edozein programaren erdigunea eta oinarria da eta, berez, 4 eta 18 urte bitarteko haurren eta nerabeen beharrei erantzuteko modua emango du, haien jatorria edozein dela ere, betiere beste programa espezifikoago batzuetan arreta jaso behar ez badute.
  • Emantzipaziorako prestatzeko programa. 14 urtetik gorako nerabeak bizitza independenterako prestatzeko programa da, haien jatorria edozein dela ere, baldin eta egoitzako harreraren baliabidetik irtendakoan familia gune batean txertatzea aurreikusten ez bada. Hartara, bizikidetza giroa emango zaie, baita hezkuntza, prestakuntza edota lanerako orientazio edo laneratzeko laguntza ere, gizarteratze errazagoa izan dadin.
  • Emantzipatzeko programa. Emantzipaziorako prestakuntza programa. 16 urtetik gorako nerabeak bizitza independenterako prestatzeko programa da, haien jatorria edozein dela ere, baldin eta egoitzako harreraren zentrotik irtendakoan familia batean sartzea aurreikusten ez bada. Hartara, ohiko bizitza autonomotik hurbileko edo antzeko bizikidetza testuingurua ematen zaie eta, hala, autogestioan funtzionatu ahal izango du eta hezkuntza, trebakuntza edota lanerako orientazio eta laneratzeko eremu batean txertatuko da, gizarteratze eta laneratze eraginkorra izate aldera.
  • Lehen haurtzaroari laguntza emateko oinarrizko programa. 0-3 urteko haurrentzako egoitza-harreraren nukleo nagusia eta oinarrizkoa izango da; nolanahi ere, gehieneko adin-muga horrek malgua izan beharko du anai-arreben taldeen kasuan. Salbuespen gisa aplikatuko da, eta familia-harreraren edo familia-harrera profesionalizatuaren esparruan zaindu ezin den kasuetara mugatu behar izango da, eta alternatiba bat bermatu behar izango da ahalik eta denbora gutxienean.
Programa espezializatuak:
  • Jokabide arazoak dituzten nerabeentzako arretan espezializaturiko programa: bereziki jokabide disruptiboak dituzten 13 eta 18 urte bitarteko nerabeentzat da.
  • Jokabide arazo larriak dituzten 13 eta 18 urte bitarteko nerabeentzako laguntza trinkoko programa espezializatua, baldin eta behin berriz jokabide okerrak, jokabide disruptiboak edo gizartearen kontrakoak badituzte eta ondorioz eurentzako edo hirugarrenentzako ageriko kaltea badakarte edo haien garapen osoa arrisku larrian jar badezakete.
  • Bakarrik dauden atzerriko adin txikikoei Arreta emateko Programa: bakarrik egon eta babesgabetasun familiar erabatekoa daukaten atzerriko nerabeei (12 urtetik gorakoei) arreta ematen die.

EGOITZA HARRERAKO BALIABIDEEN TIPOLOGIA

  • Egoitza-zentroak: 11-24 lagunentzako edukiera duten bizikidetza-nukleoak dira, eta zaindutako haurren eta nerabeen kopuruari, adinari eta ezaugarriei egokitutako hezitzaileak dituzte beti.
  • Harrera-etxebizitzak: etxebizitza arruntetan kokatutako bizikidetza-nukleoak, 10 lagunentzako gehieneko edukierarekin. Etxebizitza funtzional gisa egituratzen dira, zaindutako haurren eta nerabeen kopuruari, adinei eta ezaugarriei egokitutako hezitzaileen etengabeko presentzia eskatzen dute.
  • Emantzipaziorako prestatzeko zentroak: 9-30 lagunentzako edukiera duten bizikidetza-nukleoak, hezitzaileen etengabeko presentziarekin, 14 urtetik gorako nerabeentzako asistentzia- eta hezkuntza-arloko zerbitzua eskaintzen dute, bizitza autonomoa egiteko beharrezkoak diren trebetasunak eskuratzen laguntzeko eta lanbide-arloko prestakuntza-prozesu bat bultzatzeko nerabe horiek etorkizunean laneratzearren.
  • Emantzipazio-etxebizitzak: etxebizitza arruntetan kokatutako egoitza-ekipamenduak, laguntza- eta hezkuntza-arloko zerbitzua eskaintzen dute 16 urtetik gorako adingabeentzat autonomia pertsonala, gizartearlokoa eta lan-arlokoa lortzeko prozesua erraztearren. Etxebizitza horiek egoitza-zentroetara lotuta edo haiengandik hurbil egon daitezke, eta laguntza-egitura gisa erabili ahal izango dituzte. 8 lagunentzako gehieneko edukiera izango dute. Autokudeaketa-erregimenean jardun ahal izango dute, hezitzaile baten gainbegiratze teknikoaren pean (etengabekoa izan daiteke).
 
 

e-mailez bidali

 

Erantsitako fitxategiak:

Informazio gehiago Interneten:


Fitxategi hauek ikusteko Adobe Reader doako programa behar duzu.