saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Desgaitasuna ebaluatzeko eskabidea

Informazioa

Nola eskatzen da?

  • Eskabidea eta Eranskina bete behar da, eta eskabide hori ebaluazioaren eskatzaileak sinatu behar du beti.
  • Dena dela, eskatzailearen legezko ordezkariak edo borondatezko ordezkariak ere sinatu ahal izango dute eskabidea, baldin eta ordezkaritza behar bezala frogatzen bada.
  • Eskabidearekin batera, NANaren fotokopia (familia-liburua, adin txikikoen kasuan, edo egoitza baimena, atzerritarren kasuan) eta medikuen eta psikologoen txostenen fotokopiak aurkeztu behar dira.

Non aurkeztu eskabidea?

  • Desgaitasuna Ebaluatzeko Atalean: Uribirtarte 15, 48001 Bilbao
  • Eskatzailea erroldatuta dagoen udalerriko oinarrizko gizarte-zerbitzuan.
  • Ebaluazio eta Orientazio Zerbitzuaren erregistroetan: Ugasko 3-bis, 48014 Bilbo.
  • Gizarte Ekintza Sailaren beste erregistroetan:
    • Lersundi 14, - 48009 Bilbo
    • Diputazio kalea, 7 - 48008 Bilbo
  • Postaz bidal daiteke Ebaluazio eta Orientazio Zerbitzura: Ugasko 5-bis, 1. solairua - 48014 Bilbo

Nola egiten da desgaitasunaren ebaluazioa?

Profesionalek zitazioak helaraziko dizkiete ebaluazioaren eskatzaileei, haien osasun-baldintzen arabera (baliteke espezialista bat baino gehiagora joan beharra izatea).

Zitazioan adierazten zaion lekura joan behar du eskatzaileak. Normalean, Desgaitasuna Ebaluatzeko Atalera joan behar izaten dute eskatzaileek.

Kasu berezi batzuetan, ebaluazioa aurkeztutako txostenak erabiliz egin daiteke, txostenok nahikotzat jotzen badira.

Desgaitasun-egoeren ebaluazioa eta desgaitasun-graduaren kalifikazioa egin aurretik, profesional gaitu batzuek aztertuko dute interesduna, eta kontuan hartuko dute pertsona hori zein osasun-egoeratan dagoen, hau da, zein muga sentsorial, fisiko edo psikiko dituen. Pertsona horren egoerako faktore sozioekonomikoak ere kontuan hartuko dituzte. Izan ere, ikusi gura da pertsona horrek zein muga dituen eguneroko bizitzako jardueretarako.

Nola egiaztatu desgaitasuna?

Desgaitasuna egiaztatzeko agiri bakarra desgaitasunari buruzko jakinarazpen ofiziala da, non nahitaez jaso behar diren pertsonaren diagnostikoa eta desgaitasunaren mota eta gradua, HPL eta SCGT (Garraio Kolektiboak erabiltzeko dauden zailtasunak neurtzeko baremoa) baremoak, bai eta behin-behineko ebaluazioak berrikusteko datak ere,

Ezintasun-maila egiaztatzeko txartela ere erabili ahal izango da maiatzaren 28ko 30845/2010 Foru Aginduan, (PDF 894 KB), arautzen da. Txartel hori jakinarazpen ofiziala egin ondoren emango da. Txartelak urte baterako bakarrik balio du, desgaitasun-gradua errazago egiaztatzeko (txartelean ez da diagnostikoa agertzen).

Gainera, diagnostikorik jasotzen ez duten ziurtagiriak ere eskatu ahal zaizkio Desgaitasuna Ebaluatzeko Atalari, desgaitasuna zenbait izapidetan egiaztatu ahal izateko (udaletan, garraioan, aholkularitzetan…).

PFEZaren inguruko egiaztapenetarako, berriz, urteko ziurtagiri bat emango da, eta postaz bidaliko zaie interesdunei. Interesdunek batek jasoko ez balu, kopia bat eska lezake oinarrizko zentroan.

Zer gertatzen da ebaluazioaren ondoren?

Desgaitasun-graduaren inguruko jakinarazpena jasoko du interesdunak etxean.

Jakinarazpen horretan, legeak hala aginduta, beti agertu behar dira diagnostikoa eta desgaitasunaren mota eta gradua, bai eta interesdunak beste pertsona baten laguntza behar duen eta garraio publiko kolektiboak erabiltzeko mugikortasun-arazoak dituen erabakitzeko baremoetan lortutako puntuak ere.

Zer egin dezake eskatzaileak ez badago ebaluazioarekin ados?

Jakinarazpena jaso ondoren, eta emaitzarekin ados ez badago, erreklamazioa aurkez dezake interesdunak Gizarte Ekintza Sailean. Erreklamazioa aurkezteko, 30 eguneko epea du, eta horretarako, interesdunak berak sinatutako idazki bat aurkeztu behar du, non adierazten duen zergatik ez dagoen ados ebaluazioarekin.

Erreklamazioa aztertu ondoren, jakinarazpen bat jasoko du interesdunak, erreklamazioa onetsi edo ezetsi zaion adierazteko. Azken jakinarazpen hori jaso ondoren ere ez balego ados emaitzarekin, erreklamazioa aurkez lezake lan arloko epaitegian.

Desgaitasun-gradua berrikusi egin daiteke?

Bai, baldin eta egoera hauetako bat gertatzen bada:

  • aurreko ebaluaziotik bi urte igaro badira, eta
  • nahiz eta bi urte igaro ez, mediku-txosten baten bidez egiaztatzen bada desgaitasun-egoera nabarmen aldatu dela.

Gainera, Aldundiak berak nahi duenean berrikusi dezake desgaitasun-gradua.

Desgaituari zer eskubide dakarzkio desgaitasun-gradua aitortzeak?

Desgaituen aldeko onurak ez dira arau bakarrean jasotzen, hainbat legetan baizik. Hauek dira aitortutako desgaitasunaren (*) arabera ematen diren onuretako batzuk:

  • Abantaila fiskalak: esaterako, kenkariak PFEZean, salbuespenak matrikulazio-zergan, BEZ txikiagoa ibilgailuen erosketan, salbuespenak Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergan, kenkariak Oinordetzen gaineko Zergan…
  • Pentsioak eta prestazio ekonomikoak (doakoak, ardurapeko seme-alabengatiko prestazioak, Gizarte Ongizaterako Funtsaren pentsioak…)
  • Arreta goiztiarrerako laguntza ekonomikoak
  • Laguntza teknikoak eta laguntzeko produktuak erosteko laguntza ekonomikoak (betaurrekoak, audifonoak, ordenagailuak, bainugelarako barrak, oztopo arkitektonikoak kentzeko lanak…)
  • Laneko abantailak: adibidez, lekuak gordetzea oposizioetan, langile desgaituak kontratatzeko abantailak (diru-laguntzak enpresentzat eta hobariak Gizarte Segurantzako kuotetan), langile autonomo gisa lanean hasteko abantailak…
  • Aparkatzeko abantailak (aparkatzeko txartela desgaituentzat).
  • Abantailak garraio publikoetan: adibidez, Gizatrans txartela (hauetan erabil daiteke: metroa, Bizkaibusa, Bilbobusa, EuskoTran, Euskotren, funikularra…)
  • Abantailak unibertsitateetan: matrikula ordaintzeko salbuespena; lekua gordetzea fakultate batzuetan, nahiz eta hara sartzeko gutxieneko nota lortu ez…)

(*) Onura horiek guztiak aitortutako desgaitasun-gradu eta motaren araberakoak izango dira.

Fitxategi hauek ikusteko Adobe Reader doako programa behar duzu.

 
 

e-mailez bidali