saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Finlandiako antolakuntza-eredua eta kirol-sistema

Informazioa

Laburpena

Finlandiako kirol-sistemaren edo "kultura fisikoa"ren barruan antolatutako edo antolatu gabeko jarduerak jasotzen dira, bai lehiazkoak bai aisiazkoak, elitezko kirola, gazteen kirola eta osasunarekin zerikusia duten jarduerak. Zernahi gisaz, eta bereziki helduen kasuan, finlandiarrek berezko eta aisiarako jarduerak gauzatzen dituzte. Kirol profesionala nahiko baztertuta dago, beste herrialde batzuekin alderatuta. Finlandia, Europar Batzordeak egindako azterlanen ariora, Europaren goiburuan dago jarduera fisikoei dagokienez.

Finlandiako kirol-sistema bi osagai nagusirekin osatuta dago: alde batetik, kirol-klubetan (9.000 klub) egindako borondatezko jarduerak, eta bestetik, kirola nahiz jarduerak fisikoak egiteko udalerriek sortutako aurretiazko baldintzak. Boluntarioak (600.000) borondatezko elkarteen baliabiderik garrantzitsuena dira. Nazioko edo eskualdeko kirol-federakundeek kirol-kluben alde egiten dute, esaterako, hezkuntzarekin eta nazioarteko lankidetzarekin zerikusia duten zerbitzu ezberdinak eskaintzen dituzte. Udalerriek kirol-klubek erabiltzen dituzten instalazio gehienak eskaintzen dituzte eta instalazio horiek erabiltzeko ere diru-laguntzak ematen dituzte. Hezkuntza Ministerioak eta Kirol Atalak, Finlandiako kirol-politika gobernu zentraletik sustatu, garatu eta koordinatzen du. Eskualdeen kasuan, kirol-gaiak probintziako bulegoek administratzen dituzte.

Egoitzak Finlandiako kultura fisikoaren ekonomiaren faktore erabakigarria dira. Egoitzek gutxi gorabehera 1.800 euro erabiltzen dituzte kirol-ekipoak eta -zerbitzuak garatzeko. Beste baliabide garrantzitsua kirol-klubetan garatutako borondatezko jarduerak dira, gutxi gorabehera 2.000 milioi euroko zenbateko balioetsiarekin. Udalerriek, era berean, gutxi gorabehera 600 milioi euroko zenbatekoa erabiltzen dute jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak antolatzeko (adibidez, instalazioen eraikuntza). Estatuaren urteko aurrekontua 100 milioi eurokoa da. Baliabideen iturri nagusia loteria da, ez, ordea, zergak. Korporazioek urtean gutxi gorabehera 300 milioi euroko zenbatekoa erabiltzen dute lantokietako jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak garatzeko. Gaur egungo kirol-laguntza 100 milioi eurokoa da. Bada, kalkulatutakoaren ariora, kirol-klubek kirolarekin zerikusia duten zerbitzuen edo jardueren %65 gutxi gorabehera eskaintzen dute, udalerriek %25 eta enpresa pribatuek %10.

Kirol-klubetako borondatezko jardueren oinarriak elkarteak sortzeko konstituzio-eskubidearen ondoriozkoak dira. Elkarteak modu demokratikoan autogobernatzen dira kideek eskutik. Horrez gain, udalerriek euren buruak gobernatzen dituzte eta zerbitzu publikoak (kirola barne) antolatzen dituzte, tokiko korporazioek hartutako erabakiak kontuan izanda. Estatuak kirolaren sektore publikoa gobernuen programen, urteko aurrekontuaren eta programa politiko ezberdinen bitartez gidatzen du. Gobernu-mota nagusiak diru-laguntzak, lege-arauak eta kirol-federakundeekin egindako negoziazioa informalak dira. Nolanahi ere, erakundeak oso independenteak dira jarduteko moduari begira. Finlandiako kultura fisikoaren koordinazioa gobernu formalaren eta informalaren arteko nahasketa da, hots, politikaren eta gizartearen ikuspuntuetatik izandako ibilbide luzeko historiaren emaitza.

Finlandiako kultura fisikoak izaera ezberdina erdietsi du, balio nagusiei dagokienez. Halaber, 50 eta 60. hamarkadetan, kultura fisikoa funtsean lehiazko kirolen mende zegoen. Bestalde, 70 eta 80. hamarkadetan, masen kirola edo denontzako kirola gero eta herrikoiagoa bihurtu zen. Bereziki, 80. hamarkadaren amaieratik aurrera, jarduera fisikoa egiteko modu berriak sortu ziren, hala nola, osasunarekin lotutakoak, esperientzia fisikoa eta mentala bat egiten dituzten ariketak eta abentura kirolak, tradiziozko lehiazko kirolekin batera garatuta.

 
 

e-mailez bidali