saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Historiaurrea

Informazioa

Megalitoak (Lotura hau beste leiho baten zabalduko da) Milaka urte igaro dira gizakia Gorbeiako paisaiaren atal izatera pasatu zenetik. Historiaurrean herrialde honetako ekosistemak osatzen zuten izaki bizien artean beste bat baino ez zen arren, eboluzioaren bidez teknologia-gaitasunetan bizi izan zuen garapenari, ikaskuntzari eta kultura-trukeari esker denborak aurrera egin ahala bere onerako antolatuko eta erabiliko zituen baliabideak, paisaian aztarna argia utzirik. Aldaketak eragiteko ahalmen horren zioz bihurtu ziren euskal-kantauriar mendiak gizakiak gain hartutako lurralde.

Kantauri Itsasoa eta Ebroko Sakana banantzen dituzten haranetan eta mendietan gizakia bizi zela erakusten diguten aztarnarik antzinakoenak Behe-Paleolitikoak dira (K. A.ko 200.000-100.000 urte). Harrian baldar landutako tresnak dira. Historiaurrean adituak direnek eta arkeologoek Atxelense aurreratu izenaz ezagutzen duten tipologiaren arabera daude egituraturik lanabes horiek eta, oraindik ezein giza hezurren hondarrik aurkitu ez den hominidoek egindakoak izango lirateke. Garai hartakoak dira Urrunagan aurkituriko materialak, eta hori horrela, baiezta daiteke epealdi hartan bazela gizakirik Gorbeiaren hegoaldean.

Inguru hauetan aurkitu diren lehendabiziko gizaki-hezurren arrastoak Paleolitiko Ertainekoak dira (K. A.ko 100.000-35.000 urte), eta Axlor (Dima) haitzek eratzen duten gunean topatu zituzten. Gazte neandertal (Homo sapiens fossilis) bati legozkiokeen bost hagin dira. Kontinente zaharrean neandertalekin zer jazo zen jakitea, oraindik erantzunik ez duen galdera da. Egia da, izan zirela Kantauri aldeko mendietan bizilekurik bertako kobazuloetan, Lezetxikikoa (Arrasate) esate baterako, Gorbeiatik zuzen abiatu eta bertatik 20 kilometrora, eta era iraunkorrean erabili zituzten, gainera gizakiek, milaka urtez, Goi Paleolitikoan ondo sartuta egon arte (K.a.ko 35.000-8.000 urte) . Orduan, Cromagnon (Homo sapiens sapiens) erakoak ziren herrialdean bizi ziren gizakiak.

Mamut (Lotura hau beste leiho baten zabalduko da) Duela gutxira arte ez da aurkitu Gorbeian Goi Paleolitikoan gizakiaren presentzia frogatzen zuen aztarnategirik, Garai horri zegozkion gehienak i.m.g. (itsasoaren mailaren gaineko) 300 m-tik behera zeuden. Mendi hauetako klimaren gogortasunean aurkitu izan da altuera horietatik Cromagnon-eko izakirik izan ez izana. Arrilloreko kobazuloaren barruan egin diren indusketek, baina, frogatu egin dute lantzean behin izaten zirela bertan gizakiak Goi Paleolitikoan zehar, Magdaleniense erako egitura litikoak aurkitu baitira bertan, animalien hezur-hondarrekin batera.

Hormetan eta objektuetan marrazkiak, grabatuak eta margoak agertzea da kultura Magdaleniensearen ezaugarri nagusietako bat. Bolinkoban (Dima) bizi izan zirenek grabatu saila bikaina utzi ziguten. Irudiak eta zeinu geometrikoak aurkitu dira harri, adar eta hezur ataletan.

Arrabako zelaietatik (Orozko) hurbil dagoen Urratxa III haitzuloko aztarnategian, berriz, silexean landutako hainbat lanabes aurkitu dira, bai eta grabatuz jantziriko hezurrak eta hareharrizko errekarri bat, margoturik dagoena. Denak ere, duela 10.000 bat urte, Mesolitikoan zehar garatu zen Paleolitikoaren eta Neolitikoaren bitarteko trantsizio-kultura Aziliarrari dagozkio. Hezur et silex hondarrak ere idoro izan dira, seguruenik garai berekoak izango direnak, Urratxa X aztarnategian. Klimaren aldetiko gogortasuna hainbestekoa izaten ez zenean gizakiak Gorbeia aldera jotzen zuela pentsatzera garamatza horrek guztiak.

Kobazuloen okupazio-etapa horrekin lotuta, Gorbeian lurperatzeko ere erabili izan zirela adierazten diguten arrastoak aurkitu izan dira. Hezur-hondarrak dituzten nekropoliak agertu dira Urratxa IIIan bertan, eta Urratxa I, II, V, VIIIan, bai eta Astepekatun, Itxinako hormetan eta Urkumatxa VIIIan ere.

Biztanle historiko hauek Gorbeiako paisaian utzitako aztarna ez da gehiegizkoa gertatu. Jatekoa erretzeko erabiltzen zuten nonbait sua, eta harrapakinak tranpetaraino joanarazteko. Talde hauen dentsitatea, baina, ez zen handia izango seguruenik.

Megalitoak, pop-prehistoria-foto3.jpg, (Lotura hau beste leiho baten zabalduko da) Atzera egitea duela 10.000 urtetan koka diezaiokegun azken glaziazioaren ondoren, klima gero eta beroagoa zelarik, aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren euskal inguruetako landaredian eta faunan. Izotzek atzera egin zuten mendian gora Pirinioetako gailurretaraino, eta ordura arte haranetan bizi izaniko gizakiek aurrea egiteko era izan zuten, klima epelagoetatik zetozen beste komunitate batzuek hartu zituztelarik beraiek hutsik utzitako tokiak. Zati bat goi-mendian aurkitu zuen babestokia eta beste batzuek, berriz, Europako erdialdeko eta iparraldeko tokietara jo zuten.

Gizakiak paisaian utzi zuen lehendabiziko lorratz ikusgarria kultura neolitikoaren eskutik heldu zen. Ekialde Ertaineko tokiren batean duela 8.000 bat urte aurrenekoz praktikaturiko nekazaritzak eta abeltzaintzak milaka urte beharko zituzten Kantauri aldeko mendietan eta haranetan zehar hedatzeko..

Epealdi haren amaieran erabat indarrean zeuden neurri handiko harrizko monumentuen, hau da, megalitoen barruan egiten ziren hileta-erritoak. Ordura arte kobazuloetan ematen zieten lurra hilotzei baina, handik aurrera, dolmenak eta tumuluak erailiko zituzten xede horretarako.

Hainbat dira, eta era askotakoak, Gorbeian aurki daitezkeen hondar megalitikoak. Hamarretik gora dira bertan aurki ditzakegun dolmenak. Tumuluen gainean eraiki zituzten dolmen horietako asko, eta ostilamendu txikiak eta hezurrak aurkitu dituzte barruan. Deigarri gertatzen da gaur egun artzainak ezartzen direneko toki berberetan aurkitu izana aztarna horiek. Gorbeiako artzainen korten erabiltzaileek, larreak ez ezik, apika herriko lehendabiziko artzainak izan zirenek orain dela hiru mila-bost mila urte ireki zituzten esparruak ere bereganatu dituzte oinordetzan.

Metalurgia duela 5.000 urte inguru sustraitu zen Euskal Herrian eta langintza horri esker esku hartuko zuen gizakiak behin betiko paisaian. Inguru hauetan ikertu izan diren aire zabaleko edota kobazuloetako bizilekuetan aurkitu ahal izan denak erakusten duenez, garai hartarako erabiltzen ziren bertan metalak erauzteko eta urtzeko teknika berriak. Gehienak Eneolitikoari edo Brontzearen Aroari dagozkio.

 
 

e-mailez bidali