saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Ezaugarriak

Informazioa

Ura

Uraren ezaugarri kimikoetan oso eragin handia du arroaren eremuaren barnean garatzen den giza-jarduerak; horretaz aparte, baina, substratuaren osaketa geologikoa ere garrantzitsua da, zeren hori baita arro honek goi-goiko tarteetatik aurrera dituen eroamen-balore handien erantzule.

Ibaiaren arroaren ezaugarrien mapa[D]

Bizkaiko beste ibai batzuekin erkatuz gero, Zeberio ibaiak mineralizazio ertaina eta eutrofia urria du; Altube ibaia eta Nerbioi ibaiaren hasierako tartea oso mineralizaturik daude eta ez dute eutrofia handirik; azkenik, Nerbioi ibaiaren ardatz nagusia, goi ibilguan izan ezik, oso mineralizatu eta eutrofizaturik dago.

Urduñatik igarotzean, Nerbioi ibaiko urek hainbat eta hainbat isurkin jasan behar dituzte. Ibaiaren tarte horretatik itsasoa jo arte metaka hirigune eta industrigune ezarririk daudenez eta urtearen sasoi askotan ur-etorria nahikoa txikia izaten denez, ezinezko gertatzen da ibaiaren berezko arazketa behar den moduan burutzea. Tarte horretan, gainera, hazkunde handia izan du fosfatoen kontzentrazioak, ezen uda partean 42,097 µg. at/l-ko gehienezko baloreetara iristen den. Horri guztiari Urduñako diapiroaren eragina ere gehitu behar zaio, eta beraz, handitu egiten dira ibaitarte horretako eroamen-baloreak, udan 9.560µS/cm-ko gehienezko baloreak joz. Horrez gainera, sasoi horretan gertatzen dira kloruroen gehienezko kontzentrazioak (1.000 mg/l.), kasu horretan batik bat haitza desegitearen kariz sortuak; ibilguan behera, ostera, isurketen ondorio dira, eta bai eguratsaren ekarpenena ere, ibaitarteok itsasotik gertuago daude eta.

Halaber, aipatu beharrekoak dira Nerbioi ibaiaren erdiko ibilguan eta Altube eta Zeberio ibaien goi ibilguetan aurki ditzakegun sulfatoen kontzentrazio handiak, haitz motaren ondorioz sortuak. Ibaiko urak uhartsuak baitira, oxigenoaren presentzia ez da euri sasoietara mugatzen, eta udaberrian oso balore altuak erasotzen dira, oinarrizko ekoizleen fotosintesi-jardueraren ondorioz ziur asko. Aitzitik, udan ibaibide guztian jaisten da oxigenoaren edukina, eta hortaz, balore guztiak mantentzen dira asetasunaren azpitik eta gutxienezko baloreak litroko 2,35 mg-koak izaten dira erdiko ibilguan.

Organismoak

Nerbioi ibaiaren ertzak nahikoa babesgabe azaltzen zaizkigu ibilgu osoan zehar, Delika aldeko goi ibilguan izan ezik, gune horretan haltzak eta sahatsak baitaude ubidearen ertzetan, hosto galkorreko basoko beste zuhaitz batzuekin batera.

Ibai ertzak, oro har, nahikoa gaizki artatu dira Altube eta Arnauri ibaietan; horietan sahatsak dira nagusi, haltz bakanak ere ikus daitezkeen arren. Zeberio ibaian zuhaiska multzo zeharo nitrofiloak aurki daitezke gehienbat, Rubus eta Coniza canadiensis nagusiki.

Ibaiaren Bista

Ubide nagusiaren ezaugarririk behinena fauna urria da, batez ere Amurriotik aurrerako ibilguan. Sarrien ediren ditzakegunak oligoketoak eta kironomidoak dira, eta bai bestelako taldeetako espezie apur batzuk ere –horietariko gehienak moluskuak direla–. Delika aldean, berriz, fauna ugariagoa da, oligoketoak eta kironomidoak ezezik, plekopteroak, efemeropteroak, simuliidoak eta moluskuak ere ikus baitaitezke.

Fauna-komunitate ugarien eta anitzenak Arnauri eta Zeberio ibaien goi ibilguetan daude: plekopteroak, efemeropteroak, trikopteroak, koleopteroak, oskoldunak eta moluskuak, besteak beste. Altube ibaiaren behe ibilguan, ostera, oligoketoak eta kironomidoak dira nagusi, Zeberio ibaian gertatzen den bezalatsu.

Bai Altube ibaian eta bai Arnauri eta Zeberio ibaietan ere, indize biotikoa nahikoa handia da, eta horrek goi ibilguetako ura kalitate onekoa dela adierazten du. Handik aurrera uraren kalitatea gutxituz doa, nekazaritzako jardueren eta hirigune txikietako hondakinen eutrofizazioak ubideetan eragiten dituen kalteen ondorioz. Altube ibaian, Nerbioiarekin bat egin baino apur bat lehenago, oso txikia da indize biotikoa.

Ubide nagusian uraren kalitatea, indize biotikoaren arabera, ertaina da Delika parean eta Tertangan, eta handik aurrera oso baxua da uraren kalitatea, Areta (Laudio) zeharkatu ondoren batik bat.

Altube ibaian ziprinidoak dira nagusi, hots, loina, lotza, zarboa eta foxinoa (edo ezkailua). Amuarraina eta zaparda ia ikusi ere ez dira egiten. Nerbioi ibaiaren ubide nagusian oso urriak dira arrainak.

Itzuli Arroen Mapara

 
 

e-mailez bidali