saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Ezaugarriak

Informazioa

Ura

Kadagua ibaiak, kararriz osatutako substratua duenez, 400 µS/cm-tik gorako eroamen baloreak ditu sorburutik bertatik. Substratuaren gainean kaltzio karbonatoa nahiko kantitate handitan metatzen da.Menako diapiroa (buztin nabar, igeltsu eta gatzez osatuta dagoen eta forma biribila duen gatz-intrusioa) zeharkatzean, ioien kopurua gehitu eta eroamena asko igotzen da; tarte honetan 800 µS/cm-tik gorako baloreak hartzen ditu.

Ibaiaren arroaren ezaugarrien mapa[D]

Erdiko ibilguan eroamena jaitsi egiten da, mineral gutxiago dituen Ordunte ibaiaren urak nahasten zaizkionean, baina gero berriro igotzen da, oraingoan kutsaduraren ondorioz, 1.000 µS/cm baino gehiagoko baloreak hartzeraino.

Herrerías ibaiaren urek ere eroamen altua dute; isurkinen eraginez, 1.870 µS/cm-rainoko baloreak hartzen dituzte Kadagua ibaiarekiko elkargunera heldu aurretik.

Elikagaiak eta gai organikoak kopuru txikitan aurkitzen dira arroaren goiko aldean, baina gehitu egiten dira Balmasedatik aurrera. Gauza bera gertatzen da Herrerías ibaiaren behe ibilguan ere.

Sulfatoen kontzentrazioa oso handia da Kadagua ibaian, Menako diapiroa zeharkatzean uretan disolbatu den igeltsuaren ondorioz.Ibai honek ur bizi eta nahasiak dituenez, goi ibilgua oro har ondo oxigenaturik dago. Aranguren herritik behera eta Herrerías ibaiaren behe ibilguan baino ez dira neurtu oxigeno-kontzentrazio txikiak.

Organismoak

Goi ibilguan, haltzak, lizarrak, sahatsak, hurritzak eta astigarrak nahasian hazten dira ibai bazterretan. Beheragoko tarteetan makalak eta sasi-arkaziak ugaritzen dira, eta Urtica dioica eta Polygonum persicaria ibaiertzeko landare-espezie nitrofiloak sarritan azaltzen dira. Ondoen gorde diren ibaiertzak Herrerías ibaiaren goiko aldean daude, hariztiz estalitako ingurunean. Kadagua ibaiaren ertzetan, aldiz, oihangabeketa Menako Haranean bertan hasten da. Gainera, zeharkatzen dituen hiriguneetako batzuetan ibaia bideratu egin dute.

Kadagua ibaiaren ubide nagusian hiru zati bereizten dira, bertan bizi diren makroornogabeen komunitateari begira. Lehenengoa Balmasedaraino heltzen da eta kalitate ertain-altuko urak ditu. Bigarrena, Balmasedatik Zalla eta Guenesera artekoa, kalitate ertainekoa da. Aranguren-Zallako industriguneetatik behera eta ibaia Nerbioi itsasadarrera isurtzen den arte, uraren kalitatea oso txarra da.Goi ibilguetako fauna ez da aberatsa: urtesasoiaren arabera, anfipodoak, efemeropteroak, kironomidoak edo moluskuak izaten dira nagusi.

Ura garbia izan arren, goi ibilgu horretako faunaren distribuzioa mugatuta dago. Arrazoia, dirudienez, substratuaren gainean gertatzen diren kare-metaketak dira, edota substratuaren egitura bera ere, harri bloketzarrez edo jarraikako harlauzaz osatuta baitago ibilguaren zati handietan. Goi ibilguko urlasterraren indarrak, aurrekoari gehituta, batez ere sasoi euritsuetan, makroornogabeen deriba handia eragiten du. Balmaseda herriaren eraginpeko tartean, oligoketo eta kironomidoak goragoko tarteetan baino ugariagoak dira, baina hala ere efemeroptero, trikoptero, molusku eta hirudineoak hemen ere aurkitzen dira; horrek erakusten du urak oraindik ere kalitate nahiko ona gordetzen duela, halako eutrofizazio edo ongarritze efektu bat jasan duen arren. Hala ere, Guenestik beheragoko uretan, bereziki Aranguren pasa ondoren, fauna osoa oligoketo eta kironomidoetara mugatuta geratzen da ibilguaren zati gehienetan; hori ubideak jasan duen kutsadura larriaren adierazgarri da.

Arro honetan Ordunte ibaia gorde da egoera onenean. Bertan bizi den fauna aberatsa, besteak beste, plekoptero, efemeroptero, trikoptero, simuliido eta kironomidoek osatzen dute. Ur garbien adierazgarri den fauna aurkitzen da, era berean, Herrerías ibaiaren goi ibilguan, Arabako lurraldean. Ibai honetako faunaren osaketan aldaketa nabarmena gertatzen da Artziniega herria pasa ondoren; hemen oligoketo eta kironomidoak dira nagusi. Eutrofizazioa, beraz, areagotu egiten da, batez ere Gordexolatik behera.

Kadagua ibaiaren goi ibilguan amuarraina eta foxinoa bizi dira; behealdean, zarboa, loina eta haitzetako lotza. Herrerías ibaian ere amuarraina eta foxinoa bizi dira goialdean, eta loina eta aingira behealdean. Balmasedan amuarrain arruntaren arrantzako barrupea dago, eta Zallan, berriz, arrantzako barrupe sarria.

Itzuli Arroen Mapara

 
 

e-mailez bidali