saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Aldi Baterako Egonalduak: Laburpena

Informazioa

LABURPENA

Dekretu honen xedea da Bizkaiko Foru Aldundiaren zentroetan eta hark itunduetan edo kontratatuetan urrituentzat ematen diren egoitzetako plazetan, aldi baterako egonaldian, sartzeko sistema orokorra arautzea.

Zentroak eta deitutako plaza kopurua

Eguneko arretadun egoitza zerbitzua ematen duten zentroak eta aldi baterako bete beharreko plazak ondoren zehazten direnak dira:

  1. Ola egoitza. Sondikan dago (Gollechas, 18); 20 plaza izango ditu 2006ko uztailaren 15etik, denak aldi baterako egonaldietarako.  Geroago, plazen kopurua 28ra heldu arte gehitu ahal izango da.
  2. Plazakola egoitza. Markinan dago (Plazakola auzoa, 35); aldi baterako plaza bat egongo da uztailaren 15etik aurrera.
  3. Atxarte egoitza. Abadiñon dago (Astola auzoa, 66); aldi baterako plaza bat egongo da uztailaren 15etik aurrera.
  4. Eguzkia egoitza. Sopuertan dago (Castaño Viejo, 2); aldi baterako plaza bat egongo da uztailaren 15etik aurrera.
  5. Zumelegi egoitza. Elorrion dago (B. Berriotxoa, 40); aldi baterako plaza bat egongo da uztailaren 15etik aurrera.
  6. Zubiete egoitza. Gordexolan dago (Zubiete, 1); aldi baterako plaza bat egongo da abuztuaren 15etik aurrera.

Plazen erabiltzaileen tipologiak.

Deialdi honetan sartzen diren aldi baterako plazak tipologia eta autonomia-maila ezberdinak dituzten adimen urrituei arreta emateko dira; salbuespen bakarra Zubiete egoitzako plazak dira, hauek garapenaren nahaste orokorrak, autismoa eta haurtzaroko psikosia duten autonomia-maila ezberdineko pertsonentzat baitira.

Aldi baterako egonaldien zioak.

Hauexek izan daitezke aldi baterako egonaldiaren zioak:

  1. Zaintzaile nagusiak atseden hartzea.
  2. Zaintzaile nagusia hiltzea eta senideek urritua zaintzeko antolamendua eraldatu behar izatea.
  3. Zaintzaile nagusiak eritasun akuturen bat edukitzea eta, ondorioz, ospitaleratu edo ebakuntza kirurgikoa egin ostean ospitaleaz kanpo sendatzeko denbora behar izatea.
  4. Zaintzaile nagusiak eritasun akuturen bat duten beste senide batzuk (2. mailarainoko odol-ahaideak zein ezkontza-ahaideak) zaindu behar izatea eta, ondorioz, senideak ospitaleratu eta ospitaleaz kanpo sendatzeko denbora behar izatea.
  5. Zaintzaile nagusiari senide bat hiltzea, bigarren mailarainoko odol-ahaidetasuna edo ezkontza-ahaidetasuna duena.
  6. Zaintzaile bakarra egotea eta lanik gabeko aldi bat behar izatea urrituen arreta berrantolatzeko.
  7. Urritua etxez aldatzea edo bizi den etxean obra garrantzitsuak egitea, obrak irauten duten bitartean edo etxez aldatzeko behar duen denboran zehar.
  8. Bizkaitik kanpoko egoitzetan dauden pertsonek oporrak edukitzea, eta lehenengo mailarainoko odol-ahaiderik ez edukitzea edo ahaideek urritua zaintzeko gaitasunik ez izatea.

Eskabidearekin batera alegatzen den zioaren frogagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.

Nolanahi ere, egonaldiek 5. artikuluan ezartzen den gehieneko iraupena izango dute.

Egonaldien iraupena.

Gutxieneko egonaldia egutegiko hamabost (15) egunekoa izango da.

Aldi baterako egonaldia eskatzeko zioa zaintzaileak atsedena hartu nahi duela denean, egonaldia gehienez hiru hilekoa izango da egutegiko urte bakoitzeko. Udan (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila) zio horregatik eskatzen diren egonaldiak aldizkakoak izango dira, gehienez hilabetekoak, eta egonaldi batetik bestera gutxienez hilabeteko tartea utziko da. Eskabidean ez bada epealdi jakin bat zehazten, ekinetik irailera bitarteko aldian plazak hamabost (15) egunetarako adjudikatuko dira.

Aldi baterako egonaldiaren zioa laugarren artikuluko 2, 3, 4, 5, 6 eta 7. paragrafoetan adierazitakoetako bat bada, gehienezko iraupena hiru (3) hilekoa izango da; nolanahi ere, aparteko kasuetan egonaldia hilabete gehiago luza daiteke (Pertsona Ezinduen Zerbitzuak adierazi behar du kasua apartekoa dela, arrazoiak azalduta).  Kasu horietan adjudikazioak hilabetekoak izango dira eta, eskabidean alegatutako zioa dirauela frogatzen bada, beste hilabetez luzatuko da harik eta aipatu gehieneko epera heldu arte. 

4. artikuluko 8. paragrafoan aurreikusitako kasuan, gehieneko egonaldia hilabetekoa izango da udan, eta Gabonetan eta Aste Santuan 15 egunekoa.

Aldi baterako egonaldietarako plazak eskuratzeko baldintza orokorrak.

Urrituentzako aldi baterako egoitza zerbitzuak eskatu nahi dituztenek hurrengo baldintzak bete behar izango dituzte:

  1. Legezko egoitza Espainiako lurraldean eduki behar da.
  2. Eskabidea formalizatzen denean 18 urte edo gehiago eduki behar dira, edo 40 urte bete formalizatzen den urtean.
  3. Eskatzaileak frogatu behar du Administrazioari dagokionez hiru urte, gutxienez, egon dela auzotarturik Bizkaiko Lurralde Historikoan; ezinbestekoa da urte horietako bat eskabidea aurkeztu aurrekoa izatea.
    Eskatzailea legez ezgaituta badago, aurreko betekizuna legezko tutoreari eskatuko zaio, ezgaituak berak betetzen ez badu. Kasu honetan, aurrekoaz gainera urritua administrazioari dagokionez eskabidea aurkeztu aurreko urtean Bizkaiko Lurralde Historikoko auzotarra izan dela frogatu behar da. Tutorea xedetzat tutoretzak bereganatzea duen erakunde publiko edo pribatua bada, ez da bete behar tutorearen auzotartasun administratiboaren betekizuna. 
  4. Eskatzaileak, eskabidea aurkezten denean, %33ko minusbalio-gradua edo handiagoa izan behar du aintzatetsita, minusbalioaren gradua aintzatetsi, adierazi eta kalifikatzeari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.
  5. Deitutako plazak eskuratzeko ezartzen diren tipologietako bat bete behar da, 3. artikuluan jasotzen diren preskripzioen arabera.

Ekainaren 7ko 96/2005 Foru Dekretuan, urrituentzako egoitza zerbitzuak eskuratzeko zerrenda orokor bat arautu da; bada, zerrenda horretan onartzen den pertsonak artikulu honetako lehen 4. idatz-zatietan ezarritako betekizunak bete beharko ditu.

Eskabideak, agiriak eta aurkezteko epea.

Aldi baterako egonaldietarako plazak hasieran adjudikatzeko prozesuan parte hartuko dute deialdi hau Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasiko den egutegiko 8 eguneko epearen barruan aurkezten diren eskabide guztiek.

Egun horretatik aurrera aurkezten diren eskabideak ez dira aldi baterako lehenengo egonaldiak adjudikatzeko kontuan hartuko, baina itxaron-zerrenda batean sartuko dira.

Dekretu hau indarrean dagoen bitartean, deialdi honen xede diren egoitza zerbitzuetako plazak eskuratzeko eskabideak interesatuek edo horien legezko ordezkariek egingo dituzte; horretarako, dekretu honen 1. eranskineko eredu ofiziala aurkeztuko dute eskatutako egonaldia hasi baino gutxienez bi (2) hilabete lehenago. Behar bezala frogatutako larrialdiak, alabaina, salbuespen izango dira.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

  1. Espainiako estatuko egoitza baimenaren legezkotasunaren frogagiria.
  2. Zerbitzua eskuratuko duen pertsonaren, bere bizikideen eta, edukiz gero, legezko tutoreen errolda-ziurtagiria eta erroldako antzinatasuna.
  3. Zerbitzua eskuratuko duen pertsonaren NANaren fotokopia eta, edukiz gero, legezko tutorearena.
  4. Legezko ezgaitasuna duenak, ezgaitasunaren eta tutoretzaren epaiaren fotokopia eta kargua onartzearen autoa aurkeztu beharko ditu.
  5. Bankuko fitxa, eredu normalizatuaren arabera.
    Aldi baterako egonaldirako plaza eskatzen duen pertsona ebazpen irmo bidez onartu bada ekainaren 7ko 96/2005 Foru Dekretuak arautu duen urrituentzako egoitza zerbitzuak eskuratzeko zerrenda orokorrean, ez ditu aurreko agiriak (1-5 idatz-zatiak) aurkeztu beharrik izango.
  6. Eskaeraren zioa den inguruabarraren frogagiria.

Egoitza jakin bateko aldi baterako egonaldirako plaza eskatzen duenari eskatutako zentro horretako egonaldiak baino ez zaizkio adjudikatuko.
Eskaeraren zioa atseden hartzea edo oporrak hartzea denean, eskatzen den epealdi bakoitzeko eskabide bat aurkeztuko da, 7. artikuluan ezartzen den aurrerapenarekin betiere.
Eskabide berean epealdi bat baino gehiago eskatzen bada, horietariko bat adjudikatzen denean beste epealdi guztiak isilbidez ukatuta geratuko dira. Eskabidean ez bada epealdi jakin bat zehazten, plazaren bat hutsik dagoenean hilabeterako adjudikatuko da; ekainetik irailera bitarteko aldia horretatik salbu dago, 5. artikuluan xedatu den bezala.

Plaza eskuratzeko eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailaren erregistroan aurkez daitezke (Nikolas Alkorta kaleko 4.ean), edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluan ezarritako edozein eratan, betiere dekretu hau indarrean dagoen bitartean.

Eskariak ez badira osorik aurkezten edo eskaturiko agirietako bat falta bada, eskaria egin duen pertsonari eskatuko zaio, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, hamar (10) egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzan, eta manuzko agiriak aurkez ditzan; eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaria ezetsitzat emango dela, 42. artikuluan aurreikusitakoaren araberako ebazpenaren bitartez.

Administrazioak kontsultak egin ditzake beharrezko fitxategi publikoetan deialdiaren beharkizunak eta plazen adjudikazioa behar bezala aztertu ahal izateko.

Deialdi honetako informazioa eta datuak Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren babespean daude.

Legezko arauketa eta Eskaera Formularioa

 
 

e-mailez bidali