| tresnak |
 |
“ONDO MAITE NAZAZU: Tratu txarreko istorio bat”, Rosalind B. Penfold
|
Azaroaren 25a —Emakumearen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna— dela eta, Bizkaiko Aldundiaren Emakumea Babesteko eta Familiei Laguntzeko Zerbitzuaren baitako Enplegu, Gizarte-inklusio eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak “Ondo maite nazazu: tratu txarreko istorio bat” nobela grafikoa argitaratzeko dirua jarri du. Egilea Rosalind B. Penfold da, eta euskarara itzuli da, estreinakoz. |
Jatorrizko lana 2005ekoa da eta Lumen argitaletxeak kaleratu zuen 2006an, baina agortuta zegoen aspaldian.
Erabat interesgarria iritzi diogu testu hau berragitaratzeari. Batetik, balio izugarria du tratu txarrak jasan dituen biktima baten lekukotza leial eta zuzena delako; bestetik, lan egiteko posibilitate didaktiko ugari eskaintzen ditu, bai prebentzio mailan, bai maila terapeutikoan. Tratu txarren inguruko bizipenak, indarkeriaren zikloa, biktimengan duen eragina eta abar islatzeaz gain, eredu positiboa da beste emakume batzuentzat, eredua gizartearentzat, itxaropen-izpi bat hedabideek egunero jaurtitzen diguten irudi txundigarrien uholde tristearen eta dramatismoaren aurka, hilketa bat edo eraso larriren bat gertatzen den bakoitzean patu tragiko eta saihestezin baten mende aurkezten baitizkigute biktimak. Ezintasunezko irudi horren aldean, egileak beste hau erakusten digu: nola gainditu tratu txar harreman bat eta nola topatu birjabetzeko bidea.
|
|
 |
Tratu txarren inguruko bizipenak (…) islatzeaz gain, eredu positiboa da beste emakume batzuentzat, eredua gizartearentzat, itxaropen-izpi bat |
“Rosalind B. Penfold hamar urtean zehar gaizki erabilia izandako emakume kanadiar baten goitizena da. Marrazkiak egiten zituen ezkutuan, barrua hustu eta asaskatzeko. Komiki itxuran, eguneroko drama erreal bat aurkezten digu, etxe asko eta askotako hormen artean beti ere antzeko ereduen arabera errepikatzen den istorioa. Binetaz bineta, genero-indarkeriaren biktimek bizi ohi dituzten izuaren aldiak identifikatuko ditugu.”
Autobiografia honetako marrazkietan, egileak garai hartan bikotekide zuen Brianengandik jasotako gehiegikeria etengabeak biltzen dira: abusu berbazkoak, psikologikoak, ekonomikoak, fisikoak, baita sexualak ere. Tratu txar horiek Brianek aurreko emaztearekin izandako lau seme-alabek ere pairatzen zituzten, eta haur horiek protagonistaren kargu egon ziren bikotea elkarrekin bizi izan zen artean. Egileak ez zituen marrazkiak egin kaleratzeko asmoz, barruko mina arintzeko baino. Rosalindek berak adierazi bezala: “Marrazkiek nire pentsamenduen artetik salto egin eta egiara jotzen zuten zuzenean (…) Egiak beti botatzen du argia txoko ilunen gainera: horrexegatik dira hain nabarmenak itzalak”.
Osasuna berreskuratzeko bide luze eta mingarri baten ondoren, egilea gai izan zen, bere terapeutaren laguntzarekin, nobela grafiko txundigarri eta egiati hau ordenatu eta argitaratzeko. Hainbat hizkuntzatara itzulia eta orain lehen aldiz euskarara, material aparta da emakumeen eskubideen urratze tragiko honetara modu personal, sakon eta pedagogikoan hurbiltzeko. |
Marrazkiak xumeak dira, batzuetan ume-eskuz eginak diruditela, baina adierazkortasun handikoak. Zirrara pizten dute, hain zuzen ere tratu txarrak diren itzal lodi zabalean argia isuri eta bistan jartzen dituztelako halakoak sufritzen dituztenek buruan, bizitzan, osasunean eta orekan pairatzen dituzten ondorio suntsigarriak. Lan honek berebiziko argitasunez erretratatzen du harreman desigual eta bortxazkoen mundu korapilatsua: maltratadoreak bere boterea gauzatzeko erabili ohi dituen zalantzak, desorientazioa, ulertezintasuna, beldurra, larritasuna, kontrola, axolagabekeria, haserrea, mespretxua, indarkeria…
Egilearen hitzak ditugu aurkezpenik hoberena:
|
|
 |
Egileak beste hau erakusten digu: nola gainditu tratu txar harreman bat eta nola topatu birjabetzeko bidea |
 |
“Irakurle maitea,
Brian-ekin izan nuen harremana amaitu zenetik denbora luzea igaro den arren, hotzikarak astintzen nau oraindik nire egunerokoaren orriak birpasatzean. Orain badakit etxeko indarkeriak, fisiko, emoziozko zein psikologikoak, ez duela bakarrik kalterik egiten: pertsona giza ere deuseztatu egiten zaitu.
Nire kasuan, tratu txarrak maitasun hitzez bilduta zetozen eta, ez nintzen gertatzen ari zenaz berehala konturatu. Ez nuen uste hain adeitasun handia, hainbeste telefono dei, hainbeste “Maite zaitut” erromantiko gaitzaren lehenengo seinaleak izan zitezkeenik. Bere menpe eduki ninduenean, maiteminduta eta edozertarako prest, Brian pixkanaka ni arbuiatu eta gutxiesten hasi zen, tratatzen ninduen bere gozamenerako gauza hutsal bat izango banintz bezala. Hasieran ezbaian nengoen, Brian-en keinuak tratu txartzat hartu bainituen, baina, hilabeteak igaro ahala, nire izate osoa gutxiagotzen hasi zela nabaritu nuen, ia-ia desagertzeraino.
Egundoko lana izan zen gurpil zoro horretatik irtetea; horregatik espero dut hemen duzun egunerokoaren orriak indarkeria non dagoen antzemateko lagungarri izango dituzula. Eta gogoratuko dizula halaber zeuk ere biziki (eta ondo) maitatua izatea merezi duzula.” |
|
Lanaren egituran bost atal bereizten dira:
- Barneratzen: Eztei-bidaia
- Iparra galtzen: Jekyll eta Hyde
- Mina hartzen: Eusten
- Alde egiten: Askatasunerantz
- Etxera itzultzen: Neure burua aurkitzen
|
Atal horien bidez, Rosalinden istorioaren berri jasoko dugu, biziraupenaren eta birjabetzearen eredu. Tratu txarretatik irteteko gida baten gisa, bere ikaskuntza-prozesua eta susperketa terapeutikoa erakusten ditu: egoeraz nola jabetu zen, erasotzaileak zer mekanismo erabiltzen zuen berari segurtasun falta eta harreman makur hartan lotuta iraunarazten zion babesgabetasun sentipena sortzeko, nola berreskuratu zuen galdutako autoestimua, erru-sentimendua eta erasotzailearen portaera bortitzei buruzko erantzukizuna atzean uztea eta harekiko mendekotasun emozionalaren lasta askatzea.
Cherie Blair-ek liburuaren hitzaurrean esaten digunez: “Gaur egun Rosalind emakume zoriontsua da Brian-engandik urrun, eta bere bizitzako momenturik latzenak gainditu ahal izan ditu, izugarrizko borondateari eta laguntza medikuari esker. Orain badaki garrantzitsuena ez dela biziki maite gaituena aurkitzea, ondo maite gaituena topatzea baizik, maitasun horrek gure izate eta balioa ken ez diezazkigun. Irudi laño, hauetan, lilurak zalantzari eta lazturari bidea ematen dien hitz hauetan, abisu bat ere badago, tranpa berean eror litezkeen beste emakume asko bertan eror ez daitezen.” |
|
 |
… nobela grafiko txundigarri eta egiati hau (…) material aparta da emakumeen eskubideen urratze tragiko honetara modu personal, sakon eta pedagogikoan hurbiltzeko |
Eskerrik asko, Rosalind, zure eskuzabaltasunagatik, beste emakume batzuekiko elkartasunagatik, zure arima eta mina ausardiaz biluzteagatik, oparitzeagatik liburu hau, hain baliotsua sarritan bikote-harreman normal itxurakoen azpian ezkutatzen diren amesgaiztoak identifikatzeko, asko maite gaituela esaten digun horren kontrolak eta abusuak zedarritutako harremanaren barruko alde ilunak bistaratzeko. Ez dugu ondoan nahi “zoratzeraino” maiteko gaituen norbait, ganoraz eta ondo maiteko gaituen norbait baizik.
|
| |
|