saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Katastroaren berrikusketa Bizkaian

Informazioa

¿Zer da katastroaren berrikusketa?

Katastroa berrikustea da prozedura bat non Administrazioak aldian-aldian zehazten duen zer katastro-balio dagokien balio hori aurretik esleituta zuten ondasun higiezinen gehiengoari.

Katastro-balioa higiezinen balio fiskal bat da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak modu objektiboan zehaztuko du, Higiezinen Foru Katastroan jasota dauden datuak oinarri hartuta. Balio hori batez ere zerga batzuen zerga-oinarria kalkulatzeko erabiltzen da, eta, bereziki, Ondasun Higiezinen gaineko Zergarena. Katastro-balioa higiezin bakoitzerako zehazten da, kontuan hartuta higiezin bakoitzaren ezaugarriak (azalera, produkziorako gaitasuna, erabilera, eraikuntzaren antzinatasuna, higiezinaren kategoria, etab.) eta udalerrian duen kokapena.

¿Zergatik?

Berrikuspen hau egin da ondasun higiezinen merkatuari erreferentziatutako ebaluazioa lortu gura delako higiezin bakoitzarentzat, presio fiskala hobeto banatzeko ondasunen balioaren arabera eta, ondorioz, banaketa justuagoa lortzearren. Era berean, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko Foru Araua berrikusi eta eguneratu da, zerga-tasak balio berrietara doitzearren.

Gainera…

  • 40 urte baino gehiago igaro dira gaur egun indarrean dauden balioztatze-irizpideak ezarri zirenetik.
  • Balioztatzeko arau tekniko berriei esker higiezinak irizpide uniforme, objektibo eta eguneratuekin balioztatzen dira eta, horrela, balioen homogeneizazio handiagoa lortzen da, bai udalerri bakoitzaren barruan bai Bizkaiko Lurralde Historiko osoan.

Zer prozesu jarraitu da?

Prozesua hasteko, balio-txostenak onartu dira udalerri bakoitzerako, eta dokumentu horietan hauek agerrarazi dira: irizpideak, balio-eremuak, balioztatzeko arau teknikoak, dagokion lurzoruaren zedarriztapena eta ondasun higiezinen katastro-balioak finkatzeko behar diren gainerako elementu guztiak; balio horiek higiezinen titularrei jakinarazi behar zaizkie.

Prozesuak bi fase bereizi ditu:

1. Balio-txostenak onartzea, lurzoruaren zedarriztatzea onartu ondoren (hiri-lurzorua eta landa-lurzorua, kasu honetan).

Udalek txostena egin behar dute, nahitaez, lurzoruaren zedarriztatzeari buruz zein balio-txostenari buruz; izan ere, udalek zaindu behar dute, batetik, zedarriztatzea bat etor dadila hirigintza-plangintzan ezartzen denarekin eta, bestetik, balio-txostenak kontuan har ditzala udalerriko ondasun higiezinen merkatuaren ezaugarriak.

2. Katastro-balioen esleipen indibidualizatua egitea. Balio-txostenak onartu ondoren, balio berria esleitzen zaio higiezin bakoitzari. Balio berria hura indarrean jarri aurreko urtea amaitu aurretik jakinarazi behar zaie katastroko titularrei.


¿Zelan kalkulatzen da?

Katastro-balioa modu objektiboan zehazten da, Higiezinen Foru Katastroan jasota dauden datuak oinarri hartu, eta balio-txostenetan jasotako parametroak eta irizpideak aplikatuta.

Hauek dira balioztatzearen faktore nagusiak:

  • Udalerriko kokalekua. Horretarako, udalerria hainbat eremu homogeneotan zatitzen da, erabilera bakoitzerako ezartzen direnak, kontuan hartuta merkatu-azterketen emaitzak.
  • Azalera. Berritasun nagusietako bat da kalkulua egingo dela, hain zuzen, azalera eraikia kontuan hartuta (ez erabilgarria), eta ez eskrituretako partaidetza-koefizientearen arabera.
  • Hiri-objektuaren erabilera(bizitegi, industria edo merkataritzarako erabilera) edo landa-partzelako laborearena (lur-lantzea, fruta-arbolak, berotegiak).
  • Laborearen balio optimoa (landa-lurzorua).Lurra baldintzarik onenetan dagoenean laboreari ematen zaion balioa da. Balio optimoak depreziatu daitezke lurraren produktibitateari eta kokalekuari lotutako ezaugarrien ondorioz, edo handitu, hiriguneetatik hurbil egoteagatik.
  • Koefiziente zuzentzaileak. Hiri- zein landa-ondasun higiezinen balioztatzean, koefiziente batzuk zehazten dira, lurzoruen nahiz eraikinen balioak txikitu edo handitzen dituztenak. Lurzoruaren kasuan, faktore hauek hartzen dira kontuan: hirigunetik hurbil egotea, altuera, barruko etxebizitza...; erakuntzaren kasuan, berriz, beste hauek: antzinatasuna, kontserbazio-egoera edo eraikuntza-kategoria.

Zelan eragiten dit?

Katastro-balioa oinarria da zenbait udal zerga eta tasa kalkulatzeko, eta horien artean aipagarriena Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) da. Katastro-balio berria 2017ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean; beraz, zerga horren gaineko eraginak egun horretatik aurrera izango ditu ondorioak.

Udalek zerga-tasa bat zehaztuko dute, oraingoa baino txikiagoa izango dena, eta haren bidez kalkulatuko da higiezin bakoitzari zer kuota dagokion Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, katastro-balio berrien arabera.

Irailetik aurrera jakinaraziko zaio titular bakoitzari zer katastro-balio berri dituzten haren higiezinek. Web honen bidez emango dizkizuegu prozesuari buruzko zehaztasun guztiak, haren barruko faseak bete ahala.

ZERTAN LAGUNDU AHAL DIZUGU?

 946 125 500