saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Berritasunak

Informazioa

 
 
 
 

2019/07/12

 Zorionak! – Alkateak eta Udalbatzak ongietorria egin diete Getxoko klubetako kirolari batzuei beren lorpen berriengatik

Amaia Agirre alkateak eta Udalbatzako alderdietako ordezkariek ongietorria egin diete gaur Getxoko klubetako kide diren kirolari batzuei, beraien kirol lorpen berriengatik. Omenaldia gaur eguerdian egin da Udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Izan ere, Espainiako Txapelketetan dominaren bat lortu duten kirolariak dira, nork bere modalitatean; hain zuzen ere, belan, arraunketa olinpikoan, gimnastika erritmikoan eta txirrindularitzan. Omendutako kirolarien zerrendari dagokionez, belaren atalean, Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Club klubeko estropadalariak honako hauek dira: Silvia Marce Erazo, Nicolás Viar Laorden, Tomás Trueba Algorta, Juan Olabarri Artiach eta Manolo Rey Baltar Abascal gazteak eta José Azqueta Arrue. Ekainaren erdialdean Santanderren egindako Espainiako Txapelketan urrezko domina ekarri zuten Getxora juniorrek, eta hirugarren sailkatu zen Azqueta, maila absolutuan.

Talde horri gehitu behar zaio Raspas del Embarcadero Arraun Elkartekoak, beste behin lan itzela egin baitute Arraun Olinpikoko Espainiako Txapelketan, ekainaren amaiera aldera Banyolesen (Girona). Honako hauek dira arraunlariak: Nagore Villalba Benito, Angelina Cécile Saucet, Amelie Bertrand, Ondiz Lekubarri Díaz, Olaia Romero Corrales, Maialen Mielgo Rodero, Virginia Díaz Rivas, Marie Pachebat eta Irati Olabarri Jimeno neskak, maila absolutuko txapeldunak; eta Asier Larrazabal Subinas eta Aimar Astigarraga Lejarza juniorrak, txapeldunordeak. Horrez gain, txapelketa horretan bertan, Getxo Arrauneko ordezkariak, Jorge Pinedak ere, urrezko domina eskuratu zuen, Espainiako txapeldun izendatzen duena.

Uretako modalitateetako kirolarien zerrenda luze hori osatzeko, beste bi diziplinatan lortutako goi mailako beste bi garaipen ditugu: alde batetik, Saioa Agirre Elorduyrena, Palma Mallorcakoan ekainaren amaiera aldera jokatutako Espainiako Gimnastika Erritmikoko Lehen Kategoriako Txapelketan, Leioako Sakoneta Klubaren ordezkari gisa; eta, bestetik, Jonathan Castroviejoren garaipena, Murtziako Yecla herrian jokatutako Espainiako Erlojupeko Txirrindularitza Txapelketan; bosgarren aldiz lortzen duen txapela da, oraingo honetan Ineos taldeko kide bezala.

Kirolariak zoriondu ostean, alkateak honako hitz hauek luzatu dizkio taldeari: "Urtero antolatzen dugun Getxoko Kirolaren Sasoi Sasoian Galan gogora ekartzen dugun moduan, kirolari bezala duzuen goi maila horrek tradizio handia eta Getxon kirolak betetzen duen leku hain garrantzitsua ez ezik, izaera, egiteko modua eta zuen lorpenen atzean dauden balioak ere islatzen ditu. Kirolari-eredu handia zarete guretzako, gure ordezkaririk onenak lehiatzen duzuen hartan. Hori dela-eta, har itzazue getxotar guztion maitasuna eta miresmena".

Kirol konpromisoak direla eta, zenbait kirolari ezin izan dira etorri gaurko ekitaldira; halere, ordezkari onak izan dituzte, hurbileko pertsonak edo beraien klubetako kideak izan baitira beren ordez. Guztiei koadro bana eman zaie, udalerriko leku esanguratsuenetako irudi bat duena.

Getxoko Udala

 
 

itzuli