saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Berritasunak

Informazioa

 
 
 
 

2019/07/11

 Kayak surfeko Euskal Selekzioak 15 kirolari eramango ditu datorren astean Peruko kostaldean egingo den Munduko Txapelketara

Eusko Jaurlaritzak eta kayak surfeko Euskal Selekzioak datorren astean Perun egingo den Munduko Txapelketan parte hartuko duten kirolariak aurkeztu dituzte gaur. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Euskal Selekzioko entrenatzaile Eduardo Etxeberriak azpimarratu dutenez, diziplina honetan mundu mailako selekziorik indartsuenen artean sendotzea da euskal konbinatuaren xedea. Guztira, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, 15 euskal kirolarik parte hartuko dute uztailaren 19tik 26ra antolatu den Txapelketa honetan.

Bilbon egindako aurkezpenean, Euskadi ofizialki ordezkatzeko kirolari hauek egin duten apustua nabarmendu du Bingen Zupiria sailburuak. "Jakitun gara Euskal Selekzioarentzat ezinezkoa dela kirol guztietan ofizialki lehiatzea; nolanahi ere, aukera hori ematen duten kiroletan pausoa eman eta saiatu beharra dagoela uste dugu. Kayak surfa azken horien artean dago eta modalitate honetako Euskadiko kirolari onenek Euskal Selekzioarekin duten konpromisoa txalotzekoa da. Horrez gain, beren maila ere eskertu behar diegu, diziplina honetako onenetarikoen artean baitago gure selekzioa".

Munduko Kayak Surf Txapelketa bi urtean behin jokatzen da eta udara honetan Trujillo (Peru) hiritik gertu dagoen Huanchaco hondartzan ospatuko da. Ondoko selekzioek parte hartuko dute aurten: Ingalaterra, Irlanda, AEB, Argentina, Eskozia, Jersey eta Euskadi. Diziplina honetako Munduko Txapelketak bi atal ditu: Selekzio Nazionalentzako Munduko Txapelketa eta bakarkako Munduko Txapelketa. Euskal Selekzioak bi modalitatetan lehiatuko diren 15 ordezkari eramango ditu guztira. Ondokoak dira emakumezkoen probetarako hautatutako kirolariak: Ainhoa Tolosa, Olatz Garmendia, Irati Bordagarai eta Andrea García. Xabi Olano, Odei Etxeberria, Hodei Crujeiras eta Gorka Martin "open" modalitatean lehiatuko dira. " " kategoriarako hautatutako kirolariak Oskar Martinez, Edu Etxeberria, Luis Abando, Ruben del Rio eta Txema Carreto dira. Azkenik, Peru Barandiaran eta Iñaki Urbek Euskal Selekzioa "junior" kategorian ordezkatuko dute. Kirolariak talde hauetatik datoz: Mundaka, Barrika, Itsasondo (Bakio), Dzanga (Lekeitio) eta Donostiako Nautikoa.

Argazkia eta albiste osoa: EKFB

 
 

itzuli