saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Berritasunak

Informazioa

 
 
 
 

2019/07/02

 Getxo Kirolak - Gobernantza onaren aldeko eta atleta gazteen babeserako prestakuntza

Getxo Kirolak "Good Governance in Youth Sports Clubs" proiektuan parte hartzen duten hiru erakundeetako bat da. Proiektua Europar Batasunaren Erasmus+ Sport Programak aldi berean finantzatutakoa da, kirol-erakundeetan gobernamendu ona sustatzeko; izan ere, modu horretan, kirolari gazteenen babesa bermatu daiteke. Gobernantza onaren aldeko proiektu honekin bat egin dute Poloniako Kirol Erakundeen Elkarteak (Karol) eta Turinen kokatutako Lanbide Heziketako Erakundeak (Engim Piemonte). Egitasmoaren barnean, lehen analisi bat burutu dute, inkesten bitartez, Europako 50 kirol elkarteren kezka nagusiak identifikatzearren, eta lan horretan Getxoko kirol talde eta elkarteek parte hartu dute

Aipatutako azterketaren arabera, familiek kirolariengan egiten duten presioa, gazteek lehiaren aurrean duten estresa eta "cyberbullying" edo ziberjazarpenaren arriskuak dira arlo horretan gehien nabarmentzen diren kezkak.

Egindako diagnostikoa oinarri hartuta, prestakuntza-programa garatu da, online egingo dena, dohainik; hain zuzen ere, ekainaren 17tik urriaren 31ra bitartean egin ahal izango da. Eta honako hauek dira programaren hartzaileak: kirol-klubetako kudeatzaileak, kirolari gazteen entrenatzaileak, familiak edo kirolaren bidezko heziketan interesatutako pertsonak. Helburua da errealitate horiek tratatzeko baliabideak eskaini eta gobernantza onaren inguruan praktika berritzaileak ezartzea.

Programa 26 ordu eta erdikoa da, eta derrigorrezko lehen modulu bat dauka kirol-inguruneko Gobernantza Ona gaiari buruzkoa; eta aukerako beste hiru gai ere, teoria eta praktika tartekatzen dituztenak: Familiak kirolean duen eginkizuna, Kirolari gazteek lehian duten estresa eta Teknologia berrien erabilera oinarriko kirolean. Proiektuak buengobiernogk@gmail.com posta elektronikoa eta www.gginysc.eu web orrialdea ipini ditu eskura; bertan, proiektuaren ezaugarriei eta proposamenei buruzko informazioa lortzeaz gain, prestakuntza-programara sartzeko aukera ere eskaintzen da.

Getxo Kirolak

 
 

itzuli