saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Bizkaiko Foru Aldundiaren Garapenerako Lankidetzako Gida Plana

Informazioa

Desberdintasunaren kontrako borrokaren funtsezko ardatza da garapenerako lankidetza. Ekintzen jomugatzat pertsonak hartzen ditu, pertsonarik ahulenengan arreta jarrita betiere. Garapenerako lankidetzak gizarte justiziarekin eta aberastasunaren banaketarekin konprometituriko herritarrak sortzen ditu; pentsaerak eta errealitateak eraldatzea lortzen du.

Bizkaian uste sendoa dugu eginkizun horretan eta, beraz, konpromisoak hartzen jarraitzen dugu, hain zuzen ere hauxe frogatzeko: inork ezin ken diezagukeela gizakiok berez dugun duintasuna.

Erantzuleak gara eta halaxe onartu behar dugu. Desberdintasuneko mundu apurtu honen ondorioak jasaten dituzten emakumeen eta gizonen ondoan gaude, eta prest gaude beste mundu posible bat birmoldatzeko eta sortzeko.

Jarduketak eta programak 25 urtean baino denbora luzeagoan eginez lorturiko esperientziari esker, hobeto uler dezakegu gure erakundeak bete dezakeen eginkizuna, hain zuzen ere garapenerako lankidetzaren nazioarte mailan. Halaxe hartu dugu lekukoa Bizkaiko Lankidetzaren III. Gida Plan honekin.

Gure proposamenaren oinarria lankidetza deszentralizatua da, eta Bizkaian dauden gaitasunen balioa eta berezitasuna baliatuz, bere eginkizuna lortu nahi duen eta besteekiko mendetasuna daukan agertoki global berrian, betiere elkartasun, koherentzia, eraldaketa, koordinazio, erantzunkidetasun eta kalitate printzipioekin bat etorriz. Hala, bada, gure erakundearen lankidetza deszentralizatuaren garrantzia eta balio erantsia berresten ditugu; izan ere, erakundeak sentsibilitatea eta hurbiltasuna erakusten ditu herritarrekin, lurraldean elkartasun-loturak ezartzea ahalbidetzen du, tokiko garapenerako prozesuetan eta erakundeak edo gizartea indartzeko prozesuetan lagundu eta gizartea eraldatzeko hezkuntza sakonduko duten partaidetza-guneak sortu.

I. Gida Plana onesteak mugarria ekarri zuen, zeren eta, arlo horretako politika zehaztuta, lagundutako ekintzen eragina eta koherentzia hobetzea lortu baitzen. II. Gida Planak indarrean jarraitu bitartean (2013-2015), foru lankidetzaren izaera indartu zen tokiko giza garapenean, genero-berdintasunean eta garapenerako hezkuntzan oinarrituriko eredu baterantz. Eta III. Gida Plan honetan (2017-2020) honako helburu global hau ezarri diogu geure buruari: Bizkaitik bultzaturiko lankidetzaren kalitatea eta eragina hobetzea, hain zuzen ere garapenerako, gizartea eraldatzeko eta pobrezia desagerrarazteko prozesuetan lagunduta, hiru zehar-lerro hauen bidez: eskubideen, genero-berdintasunaren eta sexu-aniztasunaren gaineko ikuspegia, eta ingurumenaren iraunkortasuna.

Eskubideen gaineko ikuspegiak garapenaren inguruko arazoen erdigunean dauden desberdintasunen azterketa du oinarri eta, aldi berean, bereizkeria edo diskriminazioa eta boterearen bidegabeko banaketa zuzendu nahi ditu, garapena, genero-berdintasuna eta sexu-aniztasuna oztopatzen dituztelako. Izan ere, azken horiek funtsezkoak dira gizarte zuzenagoak eta benetan demokratikoak eraikitzeko bidean eta ingurumenaren iraunkortasuna lortzeko bidean, betiere nagusi den eredu ekonomikoari buruzko ikuspegi kritikoa baliatuz.

III. Plan honen bidez geure egiten ditugu 2030 Agenda Berria eta New Yorken 2015eko irailean adosturiko Garapen Iraunkorrerako Helburuak, politika publikoen multzorako eta lankidetza deszentralizaturako markoa baitira. 2030 Agenda horrek unibertsaltasun, osotasun eta gizartea eraldatzeko izaeraren printzipio gidariak sartzen ditu, baita iraunkortasun-markoari eta taldeen eta pertsonen arteko desberdintasuna gutxitzeari buruzko alderdiak ere, egungo dinamikak eraldatzeko ardatz nagusiak diren aldetik.

Geure egiten dugu garapen unibertsalerako eta besterezinerako eskubidearen gaineko gure erantzukizun kolektiboa, lankidetza koordinatu, partaidetu eta kalitatezkoa lortzeko politika bultzatzeko gure erronkari eusten diogu, egungo desberdintasunak desagerraraztera, generoberdintasuna benetan bultzatzera eta kontzientzia soziala eta eraldatzailea sortzera bideratuta.

 
 

e-mailez bidali