saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Lauaxeta Saria

Informazioa

Lauaxetaren Gernika: tinta-arrasto luze bat

Pablo Picassok, Gernikako sarraskiak hunkiturik, 1937an bertan, zeinaren urteurren hitza ospatzen baita aurten, mundu osoan ezaguna den gerraren aurkako ikurra marraztu zuen. Haren gerizpean joan da hazten Bizkaiko hiriaren mitoa. Picassok lehen egindako margolan bat egokitu zuen Parisko Nazioarteko Erakusketan Espainiako Bigarren Errepublikako Gobernuaren irudi izan zedin, eta era berean egoeraren kontrako urgentziazko deiadar. Sinbolo horren gainetik eta azpitik, ostera, literaturak ere hunkitu ditu hainbat bihotz, nahiz eta Itsas txorien bindikapena (Susa, 1985) liburuan Omar Nabarrok salatzen duen gisan, Guernica ere kaiolatu egin dizute/ Madrilen.

Blas de Oteroren "Guernica" (1960) poemak ere oilo azala jartzen du oraindik, oihu baten antzekoa delako, aipatutako koadroari begira bezala idatzia:  esnea ume honen/ hatzamarraren aurpegi bete-betean/ o, ez ikusi hemen inoiz/ argia arbola artez jartzen/ bizitzaren arbola, bizitzarena.

Erdaraz idazten zuen Oterok harreman handia izan zuen euskal olerkariekin, eta gerra aurrean Lauaxeta ezagutu zuen. Guda garaian zeregin guztiak utzi eta Euskal Gudarostean sartu zen Lauaxeta, propaganda zereginetan aritzeko batez ere.  1937ko apirilaren 26an junker alemaniarrek Gernika bonbardatu zuten, eta hilaren 29an La Petite Gironde egunkariko Georges Perniard kazetariari lagundu zion bertara. Arratsaldean faxistek atxilotu eta Gasteizko espetxera eraman zuten. Heriotza zigorra ezarri eta urte hartako ekainaren 25ean fusilatu zuten. Gernikako plaza-eguneko sarraskia, hala ere, paperera modu erabakigarrian pasatu zuena George L. Steer izan zen. Gauean iritsi zen herri suntsitura, ezin sinetsirik begien aurrean zeukana. Biharamunean The Times egunkariak benetan gertatutakoa -eta ez bertsio ofiziala- haizatu zuen, hegoafrikan jaiotako kazetari ingelesari esker: Gernika faxistek bonbardatu dute.

Tragediaren ahots

Heriotzaren zain zegoen artean, Lauaxetak poema hunkigarriak idatzi zituen, oraindik ere durundua daukatenak: Agur, Euzkadi, Jaunak naroa/ Aberri eder argira./ Neure negarrak jarion neuzan/ zeure mendiai begira.

Telesforo Monzonek 1945ean negar egin zuen Lauaxetak bezala, eta hain bero zeuden oraindik txingorrak, non Gudarien egiñak liburuan hotzikara eragiteko moduko urruntasunarekin behar duen hitz egin oraindik: Euskal semeak sumatu al zezaken/ zorigaitz aundiago?/ Bizkai erdia birrindu izan ondoren/ Gernika sutan dago.

Paul Eluardek ere kantatu zion Gernika martiriari, Gernikako garaitza poeman: Aurpegi orotarako on/ Hutsa dago zuei so/ Exenplu izanen da zuen heriotza. Eluardek nahi izan zuen bilakatu hondamendia garaitza eta esperantzarako hazi. Diotenez, Picassoren Guernicari izena Eluard, Larrea, Aragón eta artistaren Pariseko lagunek jarri zioten, bonbaketak inarrosirik.

Eta Cesar Vallejo maisu perutarrak ere Gernikaz dihardu, edo hobe, Guernica koadroaz: Marra zuzen honen ikuspuntutik, ontasun satanikoa datorren ontasunetik, Gernikako gudaldi handia ikusten da. A prioriko borroka, kontaketa oroz kanpo. Borroka bakean. Borroka arima ahulena gorputz ahulen aurka. Borroka bat non umeak inork ezer agindu gabe jo egiten baituen, eta gaixo dagoenak jo bere gaixotasunarekin, bere pilularekin eta bere semearekin….

Baina urrundik egindako ariketa arean hotzak alde batera utziz, Gabriel Aresti eta, behar bada, lehen aipatutako Blas de Oterok hitz egin zuten lehenengoz buruarekin eta bihotzarekin, biekin. Ordura arte erraietan sarturik zegoen izu bat zena hasia baitzen dimentsio politiko eta humano osoa hartzen. Hala irakurri behar da Lizardi (1974) poema: Lizardi/(…) zuk eskribatzen zenuen denboretan/ mutilak ez baitziren hiltzen/ kamino bazterretan,/(…) eta orduan gartzelan/ ez zegoen gose-grebarik,/(…) eta orduan/ Gernikan etzen bonbardatu.

Gaurko talaiatik

Bernardo Atxagarren Markak. Gernika 1937 (Pamiela, 2007), esan barik doa, ez dago tragediaren beroan idatzia, baina zirrara eragin zidala oroitzen dut, idazleak zubiak jarri zituelako gaurko penaren eta orduko akabuaren artean: Imajina dezagun egoera; pentsa dezagun bonbardatuak, metrailatuak, erreak izan ziren biktimengan, edo kartzelatuak, beren ondasunez desjabetuak, beren hizkuntzan mintzatzeagatik mehatxatuak izan zirenengan. Gernikako hondamendira behin eta berriro jauzi egiteko hainbat itzulinguru egiten ditu istorio pertsonaletan barna, literaturaren historian barna, politikan murgilduz…

Eta Joseba Sarrionandia iurretarrak laburtu zituen, Suntsiketa faxistaren 70.urteurrenean, artikulu luze batean, hainbat istorio pertsonal galtzaileenak, irabazle moral haienak. Honela bukatzen du: Makinaria militarraren ondorioak izugarriak izaten dira. Arrazoiz, logikaz eta kontsekuenteki egiten diren gerrak ere gupidagabeak dira. Gerrak gerta ez daitezen jarri behar da, batez ere, gogoa eta ahalegina.

 
 

e-mailez bidali