saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 

Hemen zaude:

Genero-Indarkeriaren biktima diren adingabeen familian esku hartzeko programa

Informazioa

Gaur egun, gure herrian ume asko daude beren etxean genero-indarkeriaren egoera batean bizi direnak edo bizi izan direnak. Behar bezala frogatuta dago umeen garapen pertsonala zein soziala kaltetuta geratzen dela halako egoeretan. Izan ere, indarkeria mota horrek umeen ongizatea eta garapena baldintzatzen ditu; osasun-arazo larriak sor diezazkieke; haien amen gaineko nagusitasuna eta indarkeria erabiltzeko tresna bihur ditzake, eta, azkenik, genero-indarkeriak emakumearen kontrako jokabide bortitzen belaunaldien arteko transmisioa erraztu dezake.

Adingabeak beren familian (zeinak babesa eta segurtasuna eman behar lizkiekeen) indarkeria mota honekin bizitzeak beronen zuzeneko biktima bihurtzen ditu.

Beraz, beharrezkoa da tresna bereziak sortzea halako familien seme-alabei laguntza espezializatua emateko.

HELBURUAK ETA EDUKIA:

  1. Genero-indarkeriaren biktimak diren umeengan eta ama eta seme-alaben arteko loturan gertatu diren kalteen balorazioa.
  2. Arreta jasotzen duten kasu guztietan garatu behar den esku hartze psikoterapeutikoaren eta sozioedukatiboaren plangintza eta programazioa.
  3. Garatu behar den esku hartzea praktikara eramatea.
  4. Ebaluazio iraunkorra esku hartzearen prozesuko fase guztietan.
  5. Gizarte eragileekiko koordinazioa eta lankidetza.

EDUKI OROKORRAK

  • Seme-alaben gaineko kaltearen balorazioa eta, halaber, (ahal den neurrian) zuzeneko behaketa, hala adingabekoarena nola ama, aita eta abarrekiko elkar-eragiketena:
    • Tratu txarraren eta abusuaren ezaugarriak. Bai seme-alabek eta bai amak bizi izan duten Biolentziaren Zikloaren, tratu txarren bizipenean hartu dituzten rol eta estrategien eta abarren esplorazioa.
    • Ondorioak: emozionalak, kognitiboak eta jarrerakoak, sozialak, akademikoak, osasun fisiko eta psikikoaren ganekoak…
    • Babes eta/edo arrisku faktoreen presentzia edo ausentzia, hala indibidualak nola ingurukoak.
  • Kaltea esku hartzearen bidez konpontzea; esku hartzea zuzena edo zeharkakoa (zuzeneko esku hartzea kaltegarria dela baloratu denean  edo ezinezkoa denean) izan daiteke.
  • Ama eta seme-alaben arteko lotura baloratzea eta lehengoratzea.
  • Babes-faktoreak sustatzea, erresilientzia sustatzea, erresilientzia hori bideratuko duten loturak ezartzea.
  • Esku hartze psikologikoa krisian.
  • Beharrezkoa denean, babes plana egitea edo eskumenak dituzten mailetara deribatzea.
  • Erasotzailerekiko kontaktua dagoen kasuetan, kontaktu horrek adingabearen ongi-izatean eragiten duen arriskua baloratzea, beti ere tartean adingabekoen alde aitarekiko babes agindurik ez dagoen kasuetan.
  • Gatazkak ebazten lan egitea, trebezia sozialak, etab.
  • Gaur egun edo etorkizunean indarkeriak baldintzatzen dituen erlazio-ereduak errepikatu ahal izatea saihestea.
  • Adingabekoen garapenean eta trebakuntzan inplikatuta dauden profesionalei aholkularitza ematea detekziorako eta esku hartzeko.

Beharrezkoa balitz, beste neurri eta bitarteko batzuk aktibatzea, edo beste erakunde batzuei jakinaraztea.

Programak esku hartze malgua eta kasu bakoitzaren beharrizanei egokitua eskainiko du, honakoak kontuan hartuta: ezaugarri pertsonalak; rol edo genero desberdinak; babes-faktoreak; arrisku-faktoreak; nesken ahalduntzea; eredu berriak mutil, neska eta nerabeentzat. Honakoak eskainiko ditu:

  • Esku hartze terapeutikoa.
  • Esku hartze terapeutikoa-hezkuntzakoa.

PERTSONA HARTZAILEAK:

  • Biolentzia matxistaren testuinguruetan bizi diren eta horrelakoak bizi izan dituzten mutil, neska eta nerabeak (3 eta 18 urte bitartean).
  • Horien amak (genero-indarkeriaren biktimak).
  • Edo erreferentziako pertsona zaintzailea.
  • Adingabeko horien gurasoak, erasotzaileak ez direnean, edo bizikideak diren senideak edo egoera horren kalteak pairatzen dituztenak.
  • Adingabeko horien gurasoak erasotzaileak direnean baina kontaktua mantentzen dutenean, esku hartzea eskatzen dutenean eta horretan parte hartzeko jarrera adierazten dutenean, beti ere tartean adingabekoen alde aitarekiko babes agindurik ez dagoen kasuetan eta, beti ere, esku hartzeak ez baditu seme-alabak eta emakumea bera arriskutan jartzen.
  • Bikotekideak hil dituen amaren seme-alabak, mutilak, neskak eta nerabeak, eta horiekin bizi diren pertsonak.

BEHARKIZUNAK:

  • Bizkaiko Lurralde Historikoan bizitzea edo erroldatuta egotea.
  • Une horretan biolentzia matxistaren arloko egoera bat egotea edo iraganean horrelakoa egotea edo aurrez bizi izandako indarkeriaren eraginak irautea.
  • Amak edo pertsona arduradunak, kasuan inplikatuta dauden profesionalek edo adingabekoak edo nerabeak berak  (16 urtetik gora dituenean) arreta jasotzeko eskaera egitea.
  • Aldez aurretik amak genero-indarkeriaren egoerari buruzko  prozesu pertsonala  eginda izatea (profesionalen laguntzarekin zein laguntzarik gabe).

Hori horrela da hauek gorabehera:

  • Egoera administratiboa erregularizatuta edukitzea.
  • Genero-indarkeriagatiko salaketa aurkeztuta edukitzea edo ez edukitzea.

PROGRAMARA NOLA IRITSI

Arreta eskainiko zaie honako hauetatik iritsiko diren kasuei: udaletako gizarte zerbitzuak; Bizkaiko Foru Aldundiaren Umeen Zerbitzua; auzitegietako erakundeak; eta bestelako izakiak eta erakundeak (Osakidetza, Hezkuntza, Modulu Psikosozialak, etab.). Halaber, arreta eskainiko zaie Bizkaiko Foru Aldundiaren Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko Zerbitzuak ezarriko dituen bestelako kasuei.

Programan sartzeko eskabideak zuzenean aurkez daitezke Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko Zerbitzuan edo, bestela, Gizarte Zerbitzuetan edo deribazioa egiten duten erakundeetan; horrelakoetan erakunde hauek familia eskatzailea programarako egokia dela arrazoituko duen deribazio-txosten bat egin beharko dute.

Programan sartzeko erakunde deribatzaileak eskabidea tramitatuko du; eskabide hori Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko erregistroetatik edozeinetan aurkeztuko da. Halaber, eskabidea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluak ezarri dituen eretatik edozein erabiliz tramita daiteke.

AURKEZTU BEHAR DEN DOKUMENTAZIOA:

  1. Eskabidea eragingo duen kasuan kasuko Gizarte Zerbitzuak edo erakundeak egingo duen deribazio-txostena. Txosten horrek gutxienez honako hauek azalduko ditu:
    • Familiaren egoerari buruzko informazio osoa.
    • Familiarekin egin diren esku hartzeei buruzko informazio osoa.
  2. N.A.N., pasaportea edo egoitza-txartelaren fotokopia edo, hala denean, eskatzailearen nortasuna egiaztatzeko beste edozein agirirena.
  3. Erroldatze-ziurtagiria.
  4. Kasuan kasuko familia-liburuaren fotokopia eta/edo, hala denean, guraso-ahala, zaintza eta jagoletza, tutoretza arrunta eta abar egiaztatzeko agiriak.
  5. Babes Aginduren bat edo ondore horretarako epaitegietako bestelako ebazpenen bat dagoen kasuetan, horren kopia erantsi beharko da.
  6. Hala denean beharrezkotzat jo daitezkeen gainerako agiri guztiak.

INFORMAZIO GEHIAGO

BFA-aren Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko Zerbitzua

Tfnoa: 946083581 / 946083574

Fax: 946082975

 
 

e-mailez bidali

 

Fitxategi hauek ikusteko Adobe Reader doako programa behar duzu.